Aizkora Euskal Herriko Lehen Mailako finala
Olasagasti berriro ere gailurrean kokatu da
Igeldoarrak erabateko nagusitsuna erakutsi zuen, hasieratik amaierara agindu baitzuen Asteasun.
Jon LEUNDA
Joxemari Olasagastik irabazi zuen atzo Euskal Herriko txapela seigarren aldiz, eta harrapatu egin du Anjel Arrospide, honek ere sei baititu. Nazabal zen faborito nagusia, baina atzokoan Igeldokoa jaun eta jabe izan zen.
Jendetza handia batu zen Asteasuko pilotalekuan, 700 ikusle inguruk erabat bete baitzituzten harmailak. Bakoitzak lau kana-erdiko, beste horrenbeste 60 ontzako eta beste hainbeste oinbiko erdibitu behar izan zituen. Egurrak Joxemiel Peñagarikanok eramandakoak ziren, eta bikainak atera ziren.
Aizkora gustuko dutenek gozatu ederra hartu zuten atzokoan, aspaldiko finalik ederrena eta estuena izan baitzen. Bost aizkolariak tarte txikian sartu ziren, normalean baino askoz ere txikiagoan.
Nazabal zen irabazteko faboritoa, baina atzo Olasagasti izan zen nagusi. Igeldokoak merezimendu osoarekin jantzi zuen txapela, hasieratik bukaerara jaun eta jabe izan baitzen. Lehen enborretik aurrean jarri zen, eta apurka-apurka aldea gehitzen joan zen; amaieran berriro ere txapela buruan zuela amaitu zuen. Bera zen finaleko zaharrena, baina, ongi prestatzen denean, handiena dela erakutsi zuen atzo ere.
Nazabalek ez zuen bere egunik onena izan. «Ez naiz gustura aritu. Azken entrenamenduetan ez nintzen gerriarekin gustura geratu, eta, gaur, hasieratik ez naiz gustura jardun», esan zuen Etxarrikoak. Saiatu zen Olasagasti harrapatzen, parean ere izan zen une batez, baina amaieran bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen.
Hirugarren posturako ere lehia ederra izan zen, gainerakoak oso parean izan baitziren. Lopezek behetik gora egin zuen, laugarren eta bosgarren ere askotan aritu zen, baina amaieran fresko heldu zen eta hirugarren amaitu zituen bere lanak.
Bere eguna izan ez zuen bestea Iñaki Azurmendi izan zen. Arriarangoak ez zuen epaiekin asmatu, enborrak ebaki ezinik enbor gainean bueltaka aritu zen, eta hor denbora dezente galdu zuen. Bestela hirugarren postua ere lor zezakeen, baina bera ere ez zen egindakoarekin gustura geratu. «Ez dut nire lana egin. Ez naiz gustura jardun. Epaiekin ez dut asmatu eta gauzak ez zaizkit ongi atera. Egindakoarekin ezin naiz konforme egon», adierazi zuen amaieran.
Joseba Otaegi eta Jexuxmari Mujika ere ez ziren gaizki aritu, lan ona egin zuten, baina bosgarren eta seigarren geratu ziren. Hori bai, biek bete zituzten hasierako helburuak.
Azken urte hauetako finalik estuena eta ederrena izan zen atzo jokatu zena. Azken urteetan aldeak dezenteak izan badira, atzokoan tarteak oso txikiak izan ziren.
Joxemari Olasagasti pozez gainezka zegoen atzoko finalaren ostean. «Egia esan behar bada, podiuma lortzeko asmoarekin etorri naiz. Banekien lehen postua zaila zegoela, baina bigarren edo hirugarren egin nahi nuen. Gero, beti bezala, indartsu hasi naiz, tartea egin dut, eta irabaz nezakeela ikusi dut; hala, aurrera egin dut», esan zuen.
«Enborrak oso onak izan dira, ez dago aitzakiarik. Nire sasoirik onenean uste dut ordu erdiaren bueltan moztuko nituela. Jendeak ere bikain erantzun du, eta uste dut finalista guztiok lan ona egin dugula, baita jendeak gozatu duela ere. Bikain atera da». J.L.