PARETA
«Errausketarik ez», Ogoñoko bide berria
Andoni ARABAOLAZA
Mikel Gilleneak eta Patxi Azpirotzek marra berri bat sortu dute Ogoñon: «Errausketarik ez» (200 m). Bidea zabaldu duten eskalatzaileok aurreratu digutenez, Ogoñoko marra luzeenetarikoa da; guztira zazpi luze ditu.
Hasteko, beheko erlaitzera iristeko, «Josu Gartzia» bidearen rapeletik jaitsi behar da. Protagonistek eurek diotenez, lehen bi luzeetako arrokaren kalitatea izugarri ona da; «harriak kosk egiten du». Hirugarren luzearen hasiera, berriz, eskasa dela gaineratu dute; aldiz, segituan egiten du hobera. Hain zuzen ere, «Gaviotas» bidea hasten den tokira heltzen da.
«Gaviotas» bidean metro batzuk egin eta gero, ezkerrera dagoen diedro batera joaten da; luzearen amaiera, berriz, «Gaviotas» bidean bertan dago.
Bosgarren luzeari dagokionez, «Errausketarik ez» bidea sortu dutenek diote diedro bertikal bat eskalatu behar dela: «Harriarekin kontuz ibili behar da, baina, oro har, esan genezake oso luze ederra eskalatzeko aukera dugula. Bilera, berriz, zuhaitz handi batean egin beharra dago».