Onintza Enbeitak erreserbatuta utzi du BECeko eserlekua
Durangoko Landako Gunean jokatu zen atzo Bizkaiko Bertsolari Txapelketako lehenengo finalaurrekoa. Onintza Enbeita muxikarrak eskuratu zuen lehen postua, eta, beraz, abenduaren 18an BECen jokatuko den finalerako txartela lortu du. Oso saio parekatua egin zuten bere atzetik Etxahun Lekue eta Jone Uriak. Hauek, gainerakoek bezala, datozen bi igandetan zer gertatuko zain egon beharko dute puntuen arabera finalean izango diren ala ez jakiteko.
Ane ARRUTI | DURANGO
Onintza Enbeita Barakaldoko BECen izango da abenduaren 18an, eta, ziurrenik, bere amona Teresa ere bai, berari eskaini baitzion muxikarrak atzoko finalaurrekoko azken agurra. Beste bi saioetan zer gertatuko zain izan beharko da gainerako lehiakideak zeintzuk izango diren ezagutzeko. Atzokoan, sei lagun aritu ziren kantuan Durangoko Landako Gunean bildutako 800dik gora bertsozaleen aurrean. Etxahun Lekue, Jone Uria, Gorka Lazkano, Ibon Ajuria eta Xabat Galletebeitia izan zituen ondoan aurtengo txapelketan lehenengo saioa zuen Enbeitak.
Kartzelako lan dotorearekin borobildu zuen arratsaldea muxikarrak. Honakoa izan zen Maite Berriozabalek denentzat jarritako gaia: «Gaur be tren geltokira hurreratu zara bera etorriko dalakoan, baina gaur be bakarrik itzuli zara etxera». Enbeitak, iheslari baten bikotekide papera hartu zuen, eta, Lujanbiok ezagun egin zuen Laboaren doinua erabiliz, ederki deskribatu zituen geltokiko itxaronaldiak. «Neska bat jaitsi trenetik eta doa mutila agurtzera/ jende piloa ikusi neike arineketan aurrera/ gaur be bakarrik gelditu naz neu trena joaten ikustera/ trenak fiu-fiu egin ta aurrera doa ta ez da bajatu bera», bukatu zuen lehenengoa. «Pena apur bat eta malkoak daukadaz begi bietan/ halan da guztiz ni bueltetea nago barriro pentsetan/ gurago baitot hemen bilatu ta ez fosa komunetan», bigarrena.
Iheslarien senitartekoen itxaroteak irudikatu zituzten Uriak eta Lazkanok ere, biak ere, semearen zain. «Nahiz ta senarrak esaten daustan ez dala inoz bueltauko/ ni bizi nazen artean ez dot esperantzarik galduko», bukatu zuen Lazkanok. Uriak ere, antzera, Habaneran: «Ta amore eman gabe jarraituko dut jo ta ke/ egunero etorriko naiz nire amets ta borondate/ ateak ireki eta bera irtetzen den arte». Galletebeitia, berriz, Jon Anzaren zain egon zen, etorriko ez zela jakin arren: «Badakit Anza aspaldidanik izan zela bertan hila/ baina halere etorriko naiz egunero bere bila».
Lekuek eta Ajuriak maite zuten neskari abestu zioten. «Abisau barik joan zan nahiz izan jatorrenetan jatorren/ abisau barik era berean ia ba bueltan datorren», esan zuen Lekuek. Ajuriak, etsituago: «Ta nire amets haundi bat itxi behar dot atzean/ barriz ere esku hutsik zita hontatik geratzean/ triste eta etsipenez geratuko naz etxean/ ametsa zapuzten doa nire pauso bakotxean».
Kartzelako puntu erantzunean Lekuek bildu zuen puntu gehien. «Hamaika oroitzapen atzoko egunez», puntuari hona erantzuna: «La Casillan ugarik ospatu gendunez/ Santi eta Josuren lanaren omenez/ aurrera egin daigun eurek eiben legez».
Umorez, hobeto
Neurri txikitan, umore zertzeladekin jositako bertsoaldiak izan ziren atzokoan borobilenak. Lekue eta Uriari honako gaia jarri zioten zortziko txikian kantatzeko: «Etxahun, gaur da zuen lehenengo zita eta Jonek itsasoa ikustera eroan zaitu. Itsasoari begira zaudetela olatu batek goitik behera busti zaituzte». Lekueren proposamena: «Ezin holan jarraitu bustita ostantzean/ sekadora eder bat dot Jone etxean». Algortarrak, berriz: «Eta Etxahun maitea ez al duzu espero/ hobe aire librean lehortu ezkero».
Hamarreko txikian ere polito aritu zen Uria amona erretzailea, Galletebeitia bilobaren erreguen aurrean. «Telebistan sarritan aditu bezela/ legea tabernetan betetzeko zela», uste zuen berak. «Uler ezazu ene iloba laztana/ zu zara arnas hartzen uzten ez didana», esan zion bigarrenean. Bilobak, orduan: «Erre ta erre zaude lasai lasai hemen/ ta ahaztu egin zaizu zenbagarrena den». Erantzuna, Uriak: «Juxtu hau da hain zuzen nire azken kolilla/ ta zoaz estankora gehiagoren bila».
Zortziko txikian, Enbeita tabernariak hiru bider atera zion oraindik ere txarra jarraitzen zuen kafea Galletebeitiari. «Nahiz ez neban espero ez laztan ez mosu/ gizon borde bategaz ein dot estropozu/ paladarra garrastu antzean zatoz zu/ hoba mantzanilla bat eskatzen badozu», bota zion tabernariak.
Lazkanok zortziko nagusian egindako lana ere aipatzekoa izan zen. Egunkari bateko zuzendari moduan aritu zen Enbeitarekin batera, prostituzio iragarkiak jarri edo ez jarri. «Bezero asko galduko dogu hara diñotzut kasoa/ nire osaba mutilzaharra ta haren koadrila osoa», esan zuen. Onintzaren erantzuna: «Nire barruan kontraesan bat daukat kontu hau tarteko/ ez dot andrarik zapaldu gura soldata ziurtatzeko».