GARA > Idatzia > Mundua

Kongoko presidenteorde ohiaren aurkako epaiketa hasi da, gerra krimenengatik

Nazioarteko Zigor Auzitegiak Jean-Pierre Bemba Kongoko presidenteorde izandakoaren aurkako prozesua abiatu zuen atzo, Hagan. 2002. eta 2003. urteen artean MLCko milizianoek egindako bortxaketa, lapurreta eta hilketen berri izan eta eragotzi ez izana leporatu diote.

p021_f01_148x148.jpg

GARA

Jean Pierre-Bembaren, Kongoko Errepublika Demokratikoko presidenteorde izandakoaren kontrako auzia atzo ireki zuten Hagan (Herbehereak), Nazioarteko Zigor Auzitegian. Gerra krimenak leporatzen dizkiote, nagusiki hark zuzendutako tropek Afrika Erdiko Errepublikan egindako bortxaketak direla-eta.

Hainbat hilabetez irautekoa den epaiketa eguerdi aldera abiatu zen. Lehenik eta behin, Bembaren aurkako karguak irakurri zituen akusazioak, erasook «egiten utzi» zuela, nagusiki. 48 urteko politikariak, aldez aurretik egin izan duen bezalaxe, ezeztatu egin zituen leporatutako akusazioak.

Aipatutakoez gain, 2002. eta 2003. urteen artean MLC Kongo Askatzeko Mugimenduak Afrika Erdiko Errepublikan egindako lapurreta eta erailketengatik erantzun beharko du Bembak.

2002ko urrian, 1.500 milizianok bi herrialdeak banatzen dituen muga igaro zuten, Afrika Erdiko Errepublikako Ange-Felix Patasse presidenteari babesa emateko, François Bozize jeneralak haren aurka estatu-kolpe saiakera egin ondotik.

Akusazioaren arabera, bost hilabetean zehar, MLCko milizianoek emakumeak, gizonak, haurrak eta helduak bortxatu zituzten, eta aurre egiten zieten guztiak hil.

Afrika Erdiko Errepublikako Bangui hiriburuan izandako 400 bortxaketa aipatzen ditu akusazioak. Auzitegiak 135 biktimaren parte-hartzea baimendu du, eta 1.200 salaketa aztertuko dituzte.

MLCko militarburu

Bemba MLCko «militarburu» gisa epaituko dute: bere tropek egindako krimenen jakinaren gainean egon, eta horiek eragozteko ezer egin ez izana leporatzen diote. Biziarteko zigorra ezar diezaiokete.

«Epaiketa honek eredutzat balio lezake: beharrezkoa da militarburuek jakitea beren gizonei krimenak egiten uzten badiete, justizia jarraika izango dutela», nabarmendu zuen Hagako Auzitegiko fiskalaren bulegoko kide batek, AFP berri agentziak eginiko galderei erantzunez.

Aime Kilolo abokatuak, Bembaren defentsaz arduratuko denak, dioenez, MLCko tropak Afrika Erdiko Errepublikako agintarien aginduetara borrokatu ziren.

PRESIDENTEGAI

2006ko Kongoko presidentetzarako hauteskundeetan, hautagai izan zen Bemba. 2007an ihes egin eta handik urtebetera hartu zuten atxilo, Bruselan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo