Maider Eizmendi Kazetaria
Ikusten ez dena ikusten...
Oharkabea. Ikusmenera, entzumenera, ukimenera, usaimenera eta gustura lauso. Ohituak gauzka bere irudi, soinu, zakartasun, usain eta zapore antzura. Etxetik gertu lantegi handi bat dago kokatuta; udan baino ez du bere jarduna eteten; hamaika hilabeteren ostean, hilabete bakar batean, eta, bitxia dirudien arren, orduan, etenaldian, da bere jarduna antzemangarriena. Bere isiltasunak egiten du, izan ere, soinua entzungarri. Hark bistarazten du urte osoko zarata; hark erakusten digu zein gor garen gainerako hamaika hilabeteetan, zein ohituak gauzkan. Isiltasunak laguntzen digu arreta jartzen eta berriz ere jardunean hasten denean, zentzuak findu eta entzuten ez genuen hura entzuten.
Kontrakoa ere gertatzen da askotan. Egun bakarreko zarata bera urte osoko isiltasunaren salatari izatea eta aste honetan proban jartzeko aukera paregabea izango dugu tamalez. Ez dut tarte hau, ordea, horrenbestetan egindako aurpegiratzeetan xahutu nahi, bakoitzak bai baitaki zer egin dezakeen, zer egiten duen eta, batez ere, zer egitea dagokion, edo zer ez.
Zentzumenak finduta eta besteenak fintzen, nork bere neurrira, bizitzea erabaki duten emakumeez hitz egin nahi dut. Ez dugun hori irudikatzea ez da samurra maiz, baina haren bidean jartzen laguntzen digu; dugunaz jabetzea ere ez, baina hori da ez dugun hori bilatzeko bitartekoa. Ziztadaka, azalean jasotzen ditugu seinaleak, txikitatik, intentsitate desberdinarekin, baina egunero-egunero, zizt eta zizt. Urrun ikusten dugu gehienetan, gertu sumatzeak berak min egiten digulako; baina ondo-ondoan, gurean ere sentitzen dugu nahi baino gehiagotan, jarreretan, keinuetan, hitzez, irudiz... Bortitz agertzen da batzuetan, atzemangarri, bistako, nabarmen, lotsagabe... Lauso, mozorrotuta, berriz, gehienetan. Hori da, izan ere, bere biziraupen modua, isil-misilean aritzea.
Isilean askotan, deiadarka beste askotan egindako lanak, ordea, lantegiaren isiltasunak adina argi eskaini digu, ia oharkabe zena plazara ekarri du. Eta atzera bueltarik ez da, jada ikusten ez dena ikusten eta entzuten ez dena entzuten ikasten hasiak baikara.