Lointek-en istripua izan duen langile bat hil da
Lointek enpresan lanean ari zen langile bat hil zen atzo, galdaragintzan erabiltzen den pieza bat gainera erori ostean. Aurten 69 langile hil dira, eta LABek enpresaburuei eta Administrazioari leporatu die «sarraski» honen kontra neurririk ez hartzea. Lan uztea deitu du gaur komiteak.GARA |
Urtea hasi zenetik, oso gutxi izan dira heriotza eragin duen lan-istripuren bat izan ez duten asteak Euskal Herrian, eta atzo hasitakoa ez da horietako bat izango, tamalez. Izan ere, Sopelako L.T. 56 urtekoa langilea hil zen Urdulizeko Lointek enpresan (lehen Mecanica la Peña zena), lanean ari zela istripua izan ondoren. Lakuako Barne Sailak prentsa ohar batean adierazi duenez, istripua 15.30ean gertatu zen. Langileak buruan kolpe handi bat hartu eta konortea galdu zuen. Iturri horren arabera, istripua gertatu zen lekura anbulantzia heldu zenerako langilea hilik zegoen jada. Zenduaren gorpua Bilboko auzitegiko medikuaren zerbitzura eraman zuten, eta Ertzaintzak eta Osalanek ikerketa abiatu dute istripua zergatik gertatu zen jakiteko eta izan litezkeen ardurak zehazteko.
LABek oharra igorri du istripua salatzeko, eta hildako langilearen senide eta hurbilekoei bere doluminak eta elkartasuna adierazteko.
Sindikatu abertzaleak nabarmendu duenez, Lointek «kalitate agiri guztiak dituen enpresa da, agintari politiko batzuen hitzetan, ereduzko enpresa, baina, ohi bezala, paperetan dena ondo dagoela esateari garrantzi handiagoa eman diona, benetan prebentzioa egiteari baino, gure osasunak eta gure bizitzak ez baitio inporta». «Hori da errealitatea -gaineratu du LABek-, enpresek intsumisioa egiten diote gure osasun eta bizitza eskubideari, eta instituzioek, bere pasibitate konplizearekin, ateak irekita uzten dizkiete eskubide horiek bete ez ditzaten».
LABek gogora ekarri du, era berean, urtea hasi zenetik 69 direla lan-istripuetan Euskal Herrian hildako langileak: 13 Araban, 24 Bizkaian, 17 Gipuzkoan, 4 Ipar Euskal Herrian eta 11 Nafarroan.
Horiek horrela, sindikatuak administrazioari eta enpresaburuei leporatzen die «sarraski» honi aurre egiteko inolako neurririk ez hartzea, eta gaineratzen du «neurri irmoen faltak, enpresaburuek duten erabateko immunitateak eta esplotazio neoliberalaren politikak heriotza eta miseria» baino ezin dituztela eragin. Horri guztiari aurre egiteko, borroka eta mobilizazio dinamika bultzatuko duela iragarri du LABek.
ELAk, bere aldetik, enpresa horretan segurtasun arloan dauden gabeziak nabarmenak eta ezagunak direla adierazi zuen, eta azaldu zuen azpikontrata batek salaketa jarri duela enpresaren kontra arrazoi honengatik. Enpresa komiteak 24 orduko lan uztea eta elkarretaratzea deitu ditu gaurko.
Burlatan ere elkarretaratzea izango da gaur arratsaldean duela bi aste Alaizko harrobian izandako istripua salatzeko.