GARA > Idatzia > Euskal Herria

Poliziak Pauen atxikitzen ditu Ipar Euskal Herriko hiru atxilotuak

Jendarmeek hiru gazte atxilotu zituzten atzo, Armendaritze, Ortzaize eta Bidarrain, 2009ko Nafarroaren Eguneko bezperan Baigorriko jendarmeriaren kontra izan zen molotov-koktel jaurtiketarekin zerikusia dutelakoan. Lehen ere, adin txikikoak zirelarik, atzemanak edo galdekatuak izan dira hirurak, beste afera batzuk tarteko. Alta, berrikitan adinez nagusi bilakatu direlarik gertatu dira atzoko atxiloketak.

p011_f02.jpg

Arantxa MANTEROLA | BAIONA

Goizean goiz Nafarroa Behereko hiru herritan atxilotu zituen hiru gazteak Paueko komisarian atxikitzen zituen Poliziak atzo arratsean. Jordi Foucher Armendaritzen atzeman zuten, Willian Indart Bidarrain hartu zuten atxilo eta Ortzaizen, berriz, Julien Bidart. Guztien etxeak miatu zituzten poliziek.

Tentsio uneak izan ziren miaketetan. Esate baterako, Foucherren anaia haren etxera hurbildu zelarik, poliziek jarrera erasokorrean eta irainka erantzun zioten, eta ez zioten sartzen utzi.

Senideek jakin ahal izan zutenaren arabera, 2009ko apirilean Baigorriko jendarmeriaren aurka izandako molotov-koktel jaurtiketarekin lotura izan lezakete atxiloketok.

Eraso hori apenas izan zen ezagutua, ez baitzuen inork bere gain hartu, baina orain jakin denez, jendarmeek hainbat gazte galdekatu zituzten garai hartan.

Ez da lehen aldia

Foucher, Indart eta Bidart atxilotuak edo galdekatuak izan dira lehen ere. Foucherren aitak bere semearen aurkako «etengabeko jazarpena» salatu du. 2008ko azaroaren 26an atzeman zuten, garai hartan adin txikikoa izan arren. Kalaka ostatuaren auzian espetxeratu zuten Joan Bidart bere buruaz beste egiten saiatu zelarik, manifestazio jendetsua egin zen Donibane Garazin eta ondoren izandako istiluekin zerikusia zuelakoan atxilotu zuten.

Epaileek gizarte lanak egiteko zigorra ezarri nahi zioten, baina gurasoek onartu ez zutenez, afera adin txikikoen epaitegira iritsi zen. Une honetan, hain zuzen, erabakiaren zain zegoen. Alta, orain egun batzuk 18 urte bete dituelarik, berriro atxilotu dute Foucher.

Indart ere afera bera dela-eta izan zen galdekatua, eta, Bidart, berriz, pintada baten harira jendarmeriara deitua. Duela gutxi bete dute hirurek legezko adin nagusitasuna.

Beste bi gazte (bata Angelukoa eta bestea kanpoan ikasten ari dena) deituak izan direla ere zabaldu zen atzo, baina ez zen berria konfirmatu ahal izan.

SALAKETA

Askatasunak irmoki salatu du polizia-operazio hau. Nafarroa Behereko hiru gazteak askatzeko eskatuz 150 lagunek elkarretaratzea egin zuten atzo, Ortzaizen. Libertat mugimendu okzitaniarreko hamabost lagunek ere enkartelada egin zuten Paueko jendarmeria aurrean.

Suprefetak ez, CRS-koek egin diete hautetsiei Baionan harrera

Aurore Martinen kontrako euroagindu-eskaerarengatik Estatu frantsesari desadostasuna helarazi nahi zioten, atzo, suprefetaren bidez, Ipar Euskal Herriko hainbat hautetsik. Horren karietara eskatua zuten bilera, baina Estatuko ordezkariak uko egin zion hautetsiei harrera egiteari, eta gainera, euren idatzirik ez hartzeko agindua ere eman zuen.

Baionako suprefeturako karrika blokeatzen hamabost bat CRS polizien furgoneta paratuta zeuden arratsaldeko lehen ordurako, auto-pilaketak eraginez. Alice Leizeagezahar Akitaniako kontseilariak atariraino iristea erdietsi zuen, baina berehala kanporatua izan zen.

Hautetsiek irmo salatu zuten jokamolde «anti-demokratikoa». «Hautetsienganako mespretxu izugarria da hau. Estatuak ez ditu ezta bere hautetsiak ere entzuten» zioen Christine Bessonart Senpereko auzapezak, Martinen euroaginduaren afera «jazarpentzat» hartuta.

Gaur goizean jakingo da Paueko Auzitegiak onartzen duen ala ez Batasuneko militantea Espainiaratzea. Bitartean, aurka agertu diren eragileen zerrenda luzatuz doa. Besteren artean, Didier Borotra Biarrizko senataria eta sei Akitaniako kontseilari gehitu zaizkio. A.M.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo