GARA > Idatzia > Kultura

ETBko kontuak hedatzea leporatu dio Suriok langileen batzordeari

ETBko langileen batzordea Alberto Suriorekin bildu zen atzo erredakzioko azken gertakariak argitzeko asmoz. Sindikatuek salatu zutenez, «etxeko kontuak» filtratzea da EITBko zuzendariaren kezka. Iragarritako espedienteen ordez, ohartarazpenak egin dizkiete bi langileei.

p043_f01_152x108.jpg

Ane ARRUTI | BILBO

Alberto Surio EITBko zuzendaria Gernikako Estatutuaren urteurrenean izandako gertakariak komunikabideetara filtratu izanak kezkatzen du, atzo ETBko langileen batzordeko LAB sindikatuko ordezkariek salatu zutenez. Goizean langileen batzordeak Suriorekin eta Jose Angel Quintanilla EITBko zuzendari kudeatzailearekin izandako ordubeteko bileran ez ziren ados jarri. «Haiek kezka albistea medioetara filtratu izanean zentratzen zuten. Langileon aldetik garbi utzi dugu inondik ere ez dela hori izan gure asmoa, baizik eta etxe barruan konpontzea eta betiere arlo politikotik desbideratuta», esan zuen Jon Otegi LABeko ordezkariak.

Bestalde, zuzendaritzak gaueko «Teleberri»n emititu zen bideoa «ez dela horrenbesterako» nabarmentzen duela azaldu zuten LABeko kideek. «Langileok berresten dugu arazoa ez dela hori, baizik eta eguerdian Juan Carlos Viloriak, politikako buruak, kazetari bati emandako testu bat eta hori irakurrarazi izana. Hau da, arazoa ez da gauean emititu zen eta gero web orrian zintzilikatu duten bideoa».

Langileen batzordearen asmoa aspaldidanik datorren arazo bati konponbidea ematea dela azaldu zuten Andoni Basabek eta Jon Otegik, langileen batzordeko LABeko ordezkariek. «Betiko konponbidea izan daitekeela uste dugu eta egoera larri hau aprobetxatu daitekeela urteetan izan dugun arazoari konponbidea emateko. Bai LABen eta bai erredakzio osoaren pentsamoldea irakurketa eta jokabide politiko guztiak albo batera uztea izan da eta arlo profesionalera bakarrik mugatzea. Hori defenditu dugu hasiera-hasieratik eta konponbidea ere hortik etorri beharko litzateke».

Espedientea ez, ohartarazpena

Bi kazetariri espedientea zabalduko zietela adierazi zieten urriaren 25ean. Langileen batzordeak neurri hori atzera botatzeko behin eta berriro eskatu arren, azkenean, ohartarazpen bana helarazi die zuzendaritzak: Juan Carlos Viloria politikako arduradunak inposatutako testua irakurtzeari uko egin zion Maite Zurikarairi, ahozko ohartarazpena; eta behin-behineko erredakzio kontseiluaren izenean langileen artean gertatutakoaren berri eman zuen Jasone Agirreri, berriz, idatzizkoa.

Atzoko agerraldian Agirre bera ere bertan izan zen, eta ohartarazpen hori azaroaren 16ra arte ez zuela jaso adierazi zuen. Otegik azaldu zuenez, «bai zuzendaritzak, bai gure arlo juridikokoek ere argi utzi digute ohartarazpena ez dela zigor bat. Beraz, ez dugu ulertzen orduan zer arraio ote den». Basaberen esanetan, juridikoki ezingo litzateke jazarpentzat hartu, behin baino gehiagotan errepikatu beharko litzatekeelako horretarako, baina «nagusikeriatzat» hartu ahalko litzateke, leporatzen zaizkion arau-hausteak inongo estatututan agertzen ez direlako.

«Gure kezka da zergatik egiten zaion ohartarazpena erredakzio kontseiluko kide bakar bati, beraiek badakitenean hiru kidek osatzen dutela, eta beraiek izan direla oharra banatu dutenak langileen artean», esan zuten, eta euren ustez, arrazoietako bat izan liteke kopla-buruko bat nahi izatea, errua leporatzeko: «Jasone chivo expiatorio moduan hartzea». Horri buruz gaineratu zutenez, «ez bada zigor bat, gutxienez bada bortxakeria edo biolentzia ideologiko bat eta arriskua ere egon daiteke, ez bazaio planto ematen, jazarpena bihurtzeko».

Neurri hauekin erredakzioan beldurra hedatu nahi dutela salatu zuten, «txintxo-txintxo jokatu behar izateko nagusiek agintzen dutenarekin batetik, eta erredakzio kontseilua behar bezala ez antolatzeko, bestetik».

Konponbidea lortzeko, ezinbestekotzat jotzen ditu LABek zuzendaritzak erredakzio kontseilua aintzakotzat hartzea eta bi ohartarazpen horiek atzera botatzea.

ELA sindikatuak ere bi langileekiko elkartasuna adierazi zuen ohar baten bidez, eta ohartarazpenak bertan behera uzteko eskatu zion zuzendaritzari.

KONPONBIDEA

Erredakzio kontseilua aintzakotzat hartzea eta bi kazetariei helarazitako ohartarazpenak bertan behera uztea ezinbestekotzat jotzen du LABek zuzendaritzarekin konponbide batean adosteko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo