Euskal selekzioak ESAITen prentsaurrekoa, abenduaren 28ko partidari begira
Euskal jokalarien mezua zabaltzeko konpromisoa ofizialtasunera bidean
Futbol Federazioko buruen «borondate falta» kritikatu zuten eta eragile ezberdinen laguntza eskatu. Horrez gain, «jokalariek adierazitakoa gorpuzteko dinamika» martxan jarriko dutela iragarri zuten.
Arnaitz GORRITI
Duela astebete baino jarraipen eskasagoa izan zuen ESAITek atzo emandako prentsaurrekoak. Bertan bere egin zuten Euskal Herriko Futbolariek asteazkenean ateratako agiria eta, bide batez, «jokalariek beren agirian markaturiko parametroen barruan» pausoak emateko gizarte eragileen laguntza eta parte hartzea eskatu zuten.
Hala, abenduaren 28an, bai San Mames futbol-zelaia bai beste edozein eszenatoki «ofizialtasunaren aldeko bozgorailu gisa» erabiltzera deitu zuten eta, horrez gain, abenduan zehar eta partida egunean, «jokalariek adierazitakoa gorpuztera eta garatzera bideraturiko dinamika oso bat» martxan jarriko dutela iragarri zuten, «beronen izaera nazionala azpimarratuz», mementoz, bestelakorik gehitu gabe.
«Jokalarien apustuaren aurrean inor ere ez dago soberan eta, hargatik, bide horretan, ezin ditugu bakarrik utzi, ofizialtasuna ez baita futbolarien nahia soilik, gehiengo batena baizik», gogorarazi zuen Egoitz Askasibarrek.
«Jokalariek argi eta ozen adierazi zuten Euskadiko Futbol Federakuntzak ez duela ofizialtasunaren bidean ekiteko inolako borondaterik. Beren interes bakarra euskal selekzioaren partidarekin etekin ekonomikoa ateratzea baino ez dela». Horren inguruan, Martxel Toledok «federazioaren borondaterik eza», nabarmendu zuen.
Futbolarien agiria aztertu ostean, ESAITek bi gauza egiaztatu dituela esan zuen. «Batetik, Euskadiko Futbol Federakuntzako buruek ez dutela euskal selekzioaren -zazpi herrialdeak parametrotzat hartuta- ofizialtasunaren bidean pausorik emateko borondaterik, nahiz eta gizarte honen gehiengoak hala eskatu. Bigarrenik, jokalariek markaturiko parametroetan egin behar dela bidea, ofizialtasunaren alde urratsak emateko baldin bada, Euskal Herriaren aldeko apustu garbia eginez, izenaren inguruko aitzakia alboratuz».
Agintari hauekin, alferrik
Bada, agintari hauekin Euskal Herriak etorkizunean ofizialtasuna lortzeko ez duela inolako aukerarik ondorioztatu zuen Martxel Toledok.
«Horren atzean, motibazio politiko garbi bat dago. Ez dugu ahaztu behar espainiar naziotasuna inposatu eta euskal nortasuna desagerrarazteko PSEk eta PPk diseinaturiko estrategia bat dagoela. Zentzu horretan, Euskadiko Futbol Federakuntza -bertan egun dauden agintariak- estrategia horren jarraitzaile eta kudeatzaile zintzoe -na da. Horrela izanik, ofizialtasuna lortzeko oztopo baino ez dira, egun agintaritzan daudenak izanik kirol arloan bizi dugun `blokeo egoera' honen erantzule bakarrak», gaineratu zuen.
Beste egituraketa bat
Bestetik, ofizialtasunera iristeko aurrera egiteko bideak aipatu «parametroen barruan eta bidean» jorratu behar direla gaineratu zuen ESAITeko bozeramaileak. Toledoren iritziz, ezin da beti «aldarrikapenean gelditu», eta pausoak emateko eragile ezberdinen laguntza eta parte hartzea eskatu zituen.
«Herri honek, bere selekzio propioak sortzeko bidean, beste egituraketa baten beharra dauka. Beste egoera politiko-instituzional baten atarian gaudela ikusita, ofizialtasunaren bidean aurrerapauso sendoak emateko garaia dela uste dugu. Ezin da, betiko aitzakiak erabiliz, aukerarik ez dagoela esan».
Horren harira, Egoitz Askasibarrek «indarrak metatzea sekula baino garrantzitsuagoa» dela eta, aldiz, «hauek banaturik aritzea inoiz baino arriskutsuago dela» ohartarazi zuen.
Martxel Toledok esandakoaren arabera, bada, «garrantzizkoa da ofizialtasunaren alde kirolari, kirol elkarte, federazio, kirolzale, kirol eragile eta abar elkarlanean aritzea. Euskal Herrian zehar, eta gure eskura dauden gune guztietan, jokalarien mezua zabaltzeko eta helarazteko saiakera egingo dugula agintzen dugu».
Bestalde, EAJ-k, prentsa ohar baten bitartez, «norgehiagoka euskal zale guztientzat egun polita» izaten dela adierazi zuen. Eusko Jaurlaritza ere kritikatu zuen, partida hau jokatu dadin «behar besteko kemenik» ez azaltzeagatik. «Oztopoak oztopo, selekzioen ofizialtasuna laster egia bihurtuko» den itxaropena ere azaldu zuen.
Azkenik, Juan Jose Ibarretxe lehendakariak «Eskoziako eredua» izan zuen hizpide jokalariei Euskal Herriko nahiz Espainiako selekzioen artean aukeratzen laguntzeko sasoian. «Ez dut baten alde egiteko bestearen aurka zergatik egin behar den ulertzen. Nik neuk Euskal Herriko selekzio `orlegiaz' gozatu nahi nuke», aipatu zuen.
Egoitz Askasibar: «Inoiz baino garrantzizkoagoa da kirolari, elkarte, eragile, federazio, kirolzaleen... arteko indarrak metatzea, eta inoiz baino arriskutsuagoa banaturik aritzea».