Eszenak
«Gazte gaztetatikan herritik kanpora...»
Dorleta URRETABIZKAIA Aktorea eta idazlea
E stranjeri aldean pasa det denbora. Herrialde guztietan toki onak badira, baina bihotzak dio...»; Iparragirreren kantu zahar honekin batera «estranjeri» aldera noa maleta eskuan hartuta. Nora eta Parisa. Hilaren 21ean, Sarrionandiaren poemetan oinarrituriko Kukai-Tanttaka taldeen «Hnuy Illa» ikuskizuna izan baitzen bertako On Kixote Jaialdian. Maleta hartu eta bidaiari ekin beharrean naiz berriz ere, Errusiara oraingo honetan. Bertako Golden Mask sarietan beste euskaldun bat baitago hautagai bi ataletan. Koreografo onenaren sarirako, bai eta dantza garaikideko obrarik onenerako, «Next in Line» lana dela eta. Asier Zabaletaz ari naiz. Maleta berriz ere hartu eta Frantziara eta Txekiara noa oraingoan, izan ere, Jon Garañok eta Jose Mari Goenagak sortutako «80 egunean» filmak hainbat sari jaso baititu bi estatu hauetan. Eta «estranjeri» aldean ibiltzeaz nekaturik, maleta hartu eta etxerako bidea hartu dudanean, Ray eta Nick-ekin topo egin dut. Bikote bitxi hau bi hamarkadetan munduko zirrikitu guztietan ibilia da eta urte hauetan guztietan bizitako pasarteak azaltzera datozkigu Asier Sotak zuzenduriko «Xentimorik gabe» antzezlanarekin. Baina jakingo ote dute egungo Euskal Herria krisi latzean murgildurik dagoela?
Eta krisiaren itzala orpoz orpo dudala, Durangoko 45. Euskal Liburu eta Disko Azokara noa, maleta barik oraingoan. Aurtengoan aurrekontua askotxo gutxitu bada ere, erotismoaz arituko zaigu abenduaren 4tik 8ra bitartean. Herri gonbidatua Kurdistan izango da eta umeen euskarazko kantutegiari eginiko ekarpena dela-eta, Imanol Urbieta Beristaini emango zaio Argizaiola saria. Eta sariez ari naizela, ezin ahaztuko dugu biharko egunean Euskal Herriko Antzerki Zaleen Elkarteak bere lehen Antzerkizale saria banatuko duela. Elkarte honek jakin badaki, euskarazko antzerkiaren aldeko lana ez datorrela ezerezetik eta, hori dela eta, atzera begiratu beharra dagoela ohartu da nondik gatozen jakin nahian. Horrela, 60ko hamarkadara heldu dira, ordukoak baitira egungo antzerkigintzaren aurrekariak, eta denboran atzera egitearekin batera, Zumaiara heldu dira 1934 urtera, orduan jaio baitzen Iñaki Beobide. Euskararekiko kezkak bultzatuta, Iñaki Jarrai antzerki taldeko sortzaileetako bat izan zen eta, honen zuzendaritzapean, euskal antzerkiaren barruan korronte berritzailearen buru bilakatu zen. Taldearen hamar urteko ibilbidean hogei antzezlan taularatu zituzten eta berrikuntza ugari ere egin zituzten. Hala nola garai hartan lantzen ziren nekazaritza munduko gaiak baztertu eta orduko gizarteko gai eta gatazkak taularatu zituzten; antzerki unibertsalagoa eta kritika eduki nabarmenagoa zuena landu zuten eta itzulpenaren bidea ere zabaldu zuten, atzerriko antzerkigile ezagunen lan ugari antzeztuaz hemengoak ahaztu gabe beti ere, Gabriel Aresti, Piarres Lartzabal eta Monzon, esaterako. Hori guztia dela eta, biharko egunean Villabonako Gurea antzokian I. Antzerkizale Saria Iñaki Beobideri emango zaio antzerkiz eta ekitaldiz beteriko egunean. Eta Donostian izango dugu Vaiven taldearen «Duda Razonable» antzezlanaren estreinaldia ikusteko parada ere. Baina «estranjeri» aldetik badatorkit galdera bat, izan ere, bihotzak zer dio?; «...Baina bihotzak dio, zoaz Euskal Herrira».