GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Estatu espainolarekiko mesfidantza

Egungo europar kulturan bezala, lehenengo Grezia izan zen ekonomiaren arriskuetan. Lehenengo erreskatatua, merkatuen erasoak saihestearren. Gero, Irlanda izan zen eraso horien eta erreskate interesdunaren biktima, beste herrialde batzuk ez kutsatzeko eta euroa salbatzeko. Baina arriskua ez da desagertu. Orain Portugal eta Estatu espainola dira arriskua, eta Europar Batasuna mesfidati agertzen da. Mesfidantza horrek eragiten duen beldurra, ordea, desberdina da kasu batean eta bestean. Izan ere, Portugalen ekonomia txikiak ez luke erreskatatzeko gehiegizko arazorik sortuko; Estatu espainiarraren ekonomiaren tamaina, berriz, arrisku hori hondamendi bilakatzeko modukoa da. Espainiar agintariek behin eta berriz esan dute Estatu espainolaren kasua ez dela Greziarena, eta ez dute arrazoirik falta. Greziarena sinesgarritasun krisia izan zen, estatu haren zorra Gobernuak zioena baino handiagoa baitzen; Irlandan dirua bankuei ordainduz xahutu zuen Gobernuak; Espainiako estatuko ekonomiarekiko mesfidantza, aldiz, haren suspertzeko zalantzazko gaitasunean datza. Eta %20ko langabezia tasa ez da inor konbentzitzeko moduko datua. Are gutxiago langabezia hori itzuliko ez den sektore batetik sortua izanda; bere lan merkatuaren egitura dela-eta, Estatu espainolean krisiaren kontra hartutako neurriek lanpostuak deuseztatzea eragin dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo