GARA > Idatzia > Mundua

Mehatxuak dira nagusi Ipar eta Hego Korearen arteko harremanetan

Seulen eta Piongiangen arteko tentsioa ez da baretu eta elkarri mokoka eta mehatxuka jarraitzen dute. Hego Koreak militar gehiago bidali zituen Yeonpyeong uhartearen ingurura eta Ipar Koreak gertatutakoaren ardura AEBei egotzi zien. Hala, Hego Korean erasoaren aurrean izan zuten erantzuna eskasa izan zela diote hainbat hautetsik. Kritika horien ondorioz, Seulgo Defentsa ministroak dimititu du.

p016_f02_148x104.jpg

GARA

Ipar Koreak Seuli eta Washingtoni egotzi zien atzo asteartean burutu zuen erasoaren ardura, eta etorkizunean Hego Koreari berriro eraso egiteko prest dagoela iragarri zuen. Hego Koreak, berriz, militar gehiago bidali zituen Itsaso Horira eta Ipar Korearen hurrengo erasoari indar handiagorekin erantzungo diola iragarri zuen atzo.

Gauzak horrela, Yeonpyeong uhartearen kontrako erasoa gertatu zenetik dagoeneko egunak igaro direnean, egoera ez da baretu eta Ipar eta Hego Koreak elkarri mokoka segitzen dute.

«Mendebaldeko Itsasoa (Itsaso Horia) bolborategi bilakatu da. Bertan, Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko liskarrek arrazoi bakar bategatik irauten dute, alegia, AEBek beren kabuz bi herrialdeen arteko muga-marra ezarri zutelako», adierazi zuen Ipar Koreako agintari militar batek Koreako Gerraren (1950-1953) amaiera gogora ekarriz.

«Beraz, AEBek ezin diote azken tiroketan duten ardurari uko egin», gaineratu zuen.

«Ipar Koreak izugarrizko kontrola duela erakutsi du; izan ere artilleria erabiltzeko prest geunden, baina atzera egin genuen», esan zuen Piongiango agintari militarrak.

Itsaso Horiko Yeonpyeong uhartearen kontra izandako erasoan Ipar Koreak 170 obus jaurti zituen, Hego Koreako Armadak emandako datuen arabera. Obus horietatik 90 uretara erori ziren eta gainerako 80ak irlaren kontra jo zuten, lau lagun (bi soldadu eta bi zibil) hil zituztelarik.

Hego Koreako Armadaren erantzuna beste 80 obus jaurtitzea izan zen. Seulgo hainbat hautetsiren ustez, erantzuna ez zen behar baino ahulagoa eta oso motela izan zen, eta Ipar Koreari bitan erasotzeko aukera eman zitzaion.

Etorkizunean Ipar Korearen erasorik gertatzen bada, Hego Koreak bortitzago erantzungo duela agindu zuen atzo Seulen herrialde horretako presidente Lee Myung-bakek.

Ministroaren dimisioa

Ipar Korearen erasoari emandako erantzun «eskasak» Hego Korean hautsak harrotu ditu eta, ondorioz, Seulgo Defentsa ministro Kim Tae-Youngek dimititu egin zuen, kritika ugari jaso ostean.

Adibidez, Lee presidentearen alderdiko kide Kim Jang-soo Defentsa ministro ohiak «etsigarritzat» jo zuen, beste parlamentari batzuek bezala.

Horien iritziz, Hego Koreak berehala bidali behar zituen Ipar Koreako misilak geldiarazteko gai diren hegazkinak.

Horri erantzunez, hegazkinak erabili izan balira, «erabateko gerra» pizteko arriskua zegoela adierazi zuen Kim Tae-Youngek.

Hala ere, dimititu berri duen Defentsa ministroaren aurkako kritikak ez dira atzo goizekoak. 2010eko martxoan «Txeonan» ontzi militarra urperatu zenean -ustez Ipar Koreak jaurtitako misil baten ondorioz- ere gogorrak entzun behar izan zituen, Hego Koreako soldaduek akats mordoa egin zutela zabaldu zelako.

errusia eta txina

Hego Korea Errusia eta Txinarekin harremanetan da Ipar Koreari eman beharreko erantzuna adosteko. Mosku eta batez ere Pekin dira Piongiangek egun dituen aliaturik indartsuenak.

etxera bueltan

Ipar Korearen erasoagatik Yeonpyeong uhartetik atera zituzten biztanleak atzo itzuli ziren euren etxeetara, obus berriak gertu izan litezkeen beldur.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo