GARA > Idatzia > Euskal Herria

Manifestazioa deitu dute Baionan «Madrili emandako txeke zuria» baliogabetzeko

Paueko auzitegiak Aurore Martin Espainiaratzea onartu ostean, gero eta eragile gehiago mugitzen ari da erabakia gauzatu ez dadin. «Isiltasuna konplizitatea» delakoan, abenduaren 4an berriz mobilizatuko dira.

p013_f01.jpg

A.M. | BAIONA

«Denok gara Aurore Martin», esan zuen atzo ABko ordezkariak eragile politiko eta sozialekin batera Baionako Lan-Burtsan egindako agerraldian. «Estatu totalitario batek Aurore Estatu torturatzailearen esku uzteko erabakia ez dugu, inolaz ere, onartzen», gaineratu zuen ELB laborarien sindikatukoak.

Kezka eta haserrea nabariak ziren eragileen artean. Abenduaren 4rako Baionan deitu duten manifestazioan aurrekoan baino jende gehiagok beren protestarekin bat egingo dutelakoan daude, «Paueko erabakia biziki larria baita eta denok ukitzen gaitu».

Amaia Rekarte Martinen abokatua ere arduratuta agertu zen: «Auzitegiaren ebazpena kontraesanez beteta dago. Izan ere, onartua izateko, ANk leporatzen zizkion Baionako eta Uztaritzeko ekitaldi publikoak ezabatu egin ditu. Ez dugu, ez, baikorrak izateko arrazoirik. Frantziak agintari espainolei emandako txeke zuria oso ondo ulertu du Madrilek eta ez du asko itxarongo Ipar Euskal Herriko beste militanteen kontra euroagindu-eskaera berriak egiteko».

Era horretan, Estatu frantsesean Batasuna «zeharka ilegalizatzeko» atea irekiko litzatekeela ere ohartarazi zuen.

Ideia politikoengatik

Askatasuneko Anaiz Funosasek «onartezintzat» jo zuen Martini leporatzen zaionagatik, hots, «bere ideia politikoak adierazteagatik» asteartean Paueko auzitegiak Madrilgo epailearen esku uztea erabaki izana.

Euskal Herriko auziarekin zerikusia duen laborategi errepresibotik harago, eskubide politiko eta banakoen askatasunen kontrakoa den heinean, euroaginduaren arbuioak herritar guztiak mobilizarazi beharko lituzke», gaineratu zuen, deia, batez ere, hautetsi eta arduradun politikoei eginez. «Ez dugu onartuko gai larri honen inguruan isilik geratzea eta ozen erranen dugu erabaki honen eta gero etor daitezkeenen konplize eta erantzule eginen ditugula», esan zuen Funosasek.

Martinen abokatuak helegitea aurkeztu du. Euroaginduaren prozedura, gehienez ere, hiru hilabete luzatu daitekeela kontuan hartuta, Auzitegi Gorenak hilabete batean ebazpena eman beharko luke. Pauekoarekin bat eginez gero, Martin hamar eguneko epean Espainiaratuko lukete. Kontra agertzekotan, berriz, beste epaitegi batek euroagindu-eskaera berriro aztertuko luke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo