GARA > Idatzia > Kultura> Musika

Hell Beer Boys taldea gaueko heroi bilakatu da disko berrian

Hell Beer Boys talde gipuzkoarrak disko berria kaleratu du egunotan: «Heroes de la noche». 2002an Ordizian sorturiko taldea, Gipuzkoako punk-oi! eszenako talde esanguratsuenetariko dugu. Ia hamarkada bateko etenik gabeko ibilbidea eta bidean argitaratu dituzten estudioko bost diskoak horren adierazle argiak dira.

p046_f01_250x132.jpg

Koldo OTAMENDI | DONOSTIA

Ezaguna da Gipuzkoan punk-0i! musika erak duela urte batzuk bizitako eztanda. Loraldi horrek, dozenaka diskoren argitaratzea ekarri zuen eta kontzertuak areagotu egin ziren giroko taldeentzako. Eszena horretako kide garrantzitsua izan da, eta da, Hell Beer Boys laukotea. Denbora aurrera joan ahala, talde asko desegin eta desagertu diren bitartean, Ordiziako taldeak tinko eutsi dio musikaren munduari. Taldeko kideei dagokienez, apenas aldaketarik izan gabe, estudioko bost disko argitaratu dituzte, tartean Des-Kontrol taldearekin erdibana grabaturiko «A.C.A.B.» splita.

Estudioko bosgarren diskoa grabatzeko gauzak lasai hartu dituzte. Taldeko abeslari Gorkik honakoa azaldu zuen: «Denbora asko daramagu filosofia berarekin lanean. Ez dugu gustuko disko bat kaleratu eta bi edo hiru urte hori aurkezten aritzea. Nahiago dugu urtebetean ahal dugun bezainbat emanaldi egin, eta gero denbora hartu kantu berriak sortzeko eta grabaketa berri bat abian jartzeko». Denbora asko pasa da Ordiziako taldea estudioan lehen aldiz sartu zenetik, eta hori argi nabari da musika-tresnen langintzan. «Lehen diskoa grabatu genuenean ez genekien jotzen. Denborarekin instrumentuak menderatzen joan gara eta bide horretan gauza berriak sortzen dira, musikalki ere garapen bat egon delarik».

«Heroes de la noche» diskoa bestelakoa da «Ratas del Oria» debuteko diskoaren aldean. Musikalki, beste norabide batean kokatzen dira egun, nahiz eta taldea identifikatzen duen musika mantendu sustraietan. Hasierako punk-oi! oldarkorraren trazak hor mantentzen diren arren, eremu punk-rocker batera eraman dute proposamena lan berri honetan. «Taldean ez da eztabaidarik egon zein musika era landu behar dugun erabakitzeko. Entsegu lokalean erritmoak sortzen joaten dira eta gustukoek aurrera egiten dute».

Hell Beer Boys taldean kideak ongi moldatzen direla erraz sumatu daiteke euren musika entzutean. Erritmo oinarri indartsua dute, eta gitarra zorrotzak kantuak horrela eskatzen duenean. Hala ere, laukoaren dohain handiena, ahotsaren indarra eta azpi ahotsen presentzia nabarmena da. Etxeko marka dute honakoa. Langintza berezirik ba ote dagoen galdegitean, Gorkik honakoa adierazi du. «Garrantzi berezia ematen diogu ahots eta koruen jokoari. Guretzako ezinbestekoa da kantu batek errepika on bat izatea. Horrek mantentzen du kantua bizirik. Errepikarik gabeko kantuak laster ahazten dira. Gure emanaldietan erraz ikusten dugun egoera da hori. Errepika iristean jendea erotu egiten da. Orokorrean gustuko ditugun kantuak errepika zuzenak dituzte, gure erakoak».

Euskal Herritik at

Punk-oi! eszenak Gipuzkoan du gotorleku nagusia. Orokorrean, Gipuzkoako gaztetxe eta taberna txikietan aritzen dira talde hauek, eta Bizkaian eta Araban eta Nafarroan ere eskaintzen dituzte emanaldiak. Iparraldean apenas dago mugimendurik musika era honetan. Hell Beer Boys bakanetakoak dira gure mugak hautsi eta Estatu espainolerako jauzia egin dutenak. «Agian gaztelaniaz kantatzeak erraztu egin du kanpora ateratzeko aukera. Herrialde Katalanetan ditugu jarraitzaile gehien baina, Madrilera eta Avilara ere joango gara diskoa aurkeztera».

Diskoa autoekoizpen bidez kaleratu dute beste behin ere. «Gure lehen diskoa kaleratu eta gero, bigarrena editatzeko zigilu bila aritu ginen. Garai horretan, ez genuen baiezkorik jaso eta autoekoizpenera jo genuen. Gurea bezalako talde batentzako formula egokia izan daiteke honakoa. Guk beti 1.000 ale ateratzen ditugu eta denak saltzen dira normalean. Guretzat ongi dago hori». Hala ere, Gorkik eszenan dagoen kalitatea aipatu du. «Gure artean badira zenbait talde diskoetxe garrantzitsu batekin kontratua lor dezaketenak eta musikarekin dirua irabaz dezaketenak. Bakoitzak erabakitzen du zein bide hartu. Gu hartu dugunarekin pozik gaude, urte hauetan egindakoaz harro». Ideiak argi dituztela, zuzeneko emanaldiak dira orain taldearen jomuga nagusia.

ERREPIKA

«Gure kantuetan garrantzi berezia ematen diegu ahotsaren eta koruen langintzari. Hell Beer Boys taldearen nortasunaren ukitua da. Kantu on batek, errepika on bat beharrezkoa du. Horrek mantentzen du bizirik kantua»

Fitxa
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo