Aipagarriak
Pupu eta Lore haurrekin, handituta bueltatu da Pirritx, Porrotx eta Marimototsen familia
O.L. | DONOSTIA
Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazo hirukotea familia handituta bueltatu da; izan ere, jaio dira Pupu eta Lore haurrak. Horren aitzakiaz, «Ongi etorri Pupu eta Lore» diskoa kaleratu berri dute -hirukotearen bederatzigarrena-, heziketan oinarritutako proiektua. Bertan 19 abesti bildu dituzte, bakoitza ipuin batez lagunduta. Porrotxek atzo Donostian adierazi zuenez, istorioak pailazoek beraiek idatzi dituzte eta abestiak osatzeko, berriz, kolaboratzaile askoren laguntza izan dute, bai letrak idazteko, baita musika egiteko ere. Grabaketa estudioan sei aste luze eman ostean ikusi du argia lan berriak.
Ohikoa den bezala, proiektu honekin ere balioak zabaltzeko asmoa dute. Ekologia, naturarekiko errespetua, gaixotasunak edota kultura izan dira, besteak beste, hirukoteak jorratu dituen gaiak. Azken honetan, haurrak hezteko ardura horretan irakatsi behar zaizkien hamaika konturekin etorri dira. «Natura edota zientzia bezalako ezagutza miresgarriez mintzatuko gara», azaldu zuen Porrotxek.
Misterio horiek guztiak irakasteko pertsonaia berri ugari datoz. Esaterako, Largabista, Marikalanbre edota Tiritatxo. Hori guztia «euskara begi bistaz galdu gabe» zabalduko dute. «Haurrak taldean heziko ditugu -azaldu zuen Pirritxek-. Heziketa guretzat oso garrantzitsua da, ez da gurasoen ardura soilik, denona baizik. Gu oraina gara, baina haiek dira etorkizuna».
Hamaika ahots
Lehen esan bezala, «Ongi etorri Pupu eta Lore»k argia ikusi ahal izateko, makina bat lagun izan dute ondoan Pirritx Porrotx eta Marimototsek. Labrit abeslariak «Sentitzen zaitudalako» ipuinean narratzailearen ahotsa jarri du eta Idoia Uraldek «Tiritatxo» abestia kantatu du. Miren Amurizak «Maite zaitut amatxo»ri hitzak eta ahotsa jarri dizkio. Amets Arzallus bere ohiko bertsoetatik urrundu da rock-era hurbilduz. «Jolastea da...» eta «Munduko loreak» abestiei hitzak eta ahotsa jarri dizkie. Jabier Zabalak grabaketa estudiotik esan zuenez, Arzallusek aurretik eginda zituen bertso batzuk hartu ditu proiekturako eta hitzak jarri dizkio gero.
Beste nobedadeetako bat «Maite zaitut» abestiaren bertsioak izango dira. «2005ean sortu genuen abestia -zioen Zabalak- eta geroztik etengabe zabaltzen joan da. Ez genuen egia esan, arrakasta hau espero. Euskaraz gain, katalanera eta galegora itzuli da, baita arabierara ere eta orain sardinierakoa ari dira prestatzen».
Izen bera daraman ikuskizuna dagoeneko abian jarri dute, eta zenbakiek agertzen dutenez, arrakastatsua izango da: astebetean sei mila sarrera saldu baitituzte. Hurrengo emanaldia bihar izango da, Eskoriatzako kiroldegian, 17.30ean. Gasteiz igandean bisitatuko dute eta bi emanaldi eskainiko dituzte bertan: 12.00etan eta 18.00etan. Eibar, Azkoitia, Zizur Nagusia nahiz Zarautzen ere izango dira. www.katxopirreta.com webgunean ikuskizunen agenda osoa kontsulta daiteke.