GARA > Idatzia > Kultura

Aipagarriak

Nazioarteko zein bertako akordeoi ikasleak Arrasaten dute lehiatzeko hitzordua

Maddalen LARRINAGA | DONOSTIA

Arrasate kooperatibismoaren herria ez ezik, akordeoi musikaren hiriburu bilakatuko da abenduaren 4tik 7ra bitartean. Izan ere, hogeita hamaseigarren urtez, akordeoi txapelketa ospatuko da egun horietan.

Nahiz eta 36 urte luze dituen ekitaldi honek, urtetik urtera indartsuagoa bihurtzen ari da, bai eta zabalagoa ere. Aurten 300 parte hartzaile baino gehiago izango dira Gipuzkoako herrian, bertakoak, Euskal Herri osokoak, Estatu espainoletik etorriak, baita nazioarte mailakoak ere.

Ekitaldia Hauspoz Euskal Herriko Akordeoi Elkarteak sustatu du eta bere lehendakari Aitor Furundarenak atzo azaldu zuenez, urtean zehar egiten ditugun ekitaldien artean handiena da Arrasateko hau. Handiena bai parte hartzeari dagokionez, baita elkartean lan egiten duen jendeari begira ere.

Furundarenak azaldu zuenez, «Gipuzkoako akordeoi eskola ia guztiak ordezkatu dira aurten eta Estatuko asko». Gainera, akordeoi musika ugaria eta anitza denez gero, estilo ezberdinei tokia ematen saiatu dira. Hala, musika herrikoia, jazza, klasikoa eta garaikidea ukituko ditu lehiaketetako errepertorioak.

Bi lehiaketa eta jaialdi bat ospatuko dira guztira: Arrasate Hiria nazioarteko lehiketa; non, besteak beste, parte hartuko duten hamasei partaideak Serbiatik, Portugaldik, Poloniatik edota Finlandiatik etorriko diren. Bestetik, Gipuzkoako Lehiaketa; Gipuzkoako, Euskal Herriko eta Estatu espainoleko parte hartzaileak lehiatuko dira. Azkenik, Gipuzkoako Akordeoi Jaialdian bakarlariak nahiz ganbera-musikako taldeak izango dira.

Nazioartekoa abenduaren 5ean eta 7an izango da Amaia Antzokian. Gipuzkoako lehiketa 5ean eta 6an ospatuko da kultur etxean, baita Amaia Antzokian ere. Jaialdia, berriz, 4an eta 5ean izango da Amaia Antzokian, kultur etxean eta Arizmendi ikastolan.

Lehiaketez gain, kontzertuak ere antolatu dituzte. Iazko irabazlea izan zen Semion Shmelkov abenduaren 4an eta 6an izango da Aretxabaletako Arkupe kultur etxean eta Arrasatekoan. Bestetik, abenduaren 7an Covers taldeak Kajoi tabernan emanaldia eskainiko du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo