GARA > Idatzia > Kultura

Aipagarriak

Jon Benito: «Erromantikoen mugimendua jarraituta, bihotza jarri dut arrazoiaren aurrean»

«Egunerokotasuneko zurrunbilotik» atera da Jon Benito (1981, Zarautz) «Bulkada»n, bere bigarren poema liburuan. «Dena ez delako zenbakiak eta teknologia», «sentimenduetara eta haragira» eraman ditu hitzak.

p051_f01_97x76.jpg

O.L. | DONOSTIA

Bederatzi urte luze igaro dira 2001ean Jon Benitok bere lehen poesia liburua kaleratu zuenetik. «Aingurak erreketan», estreinako lan hark arrakasta handia izan zuen irakurle nahiz kritikarien artean baina, zarauztarrak ez zuen epe laburrean beste lanik ateratzeko asmorik erakutsi eta, bere senari jarraituz, ez du besterik sortu orain arte. «Idatzi behar banuen, ezer kaleratu behar banuen, ondo egiteko zen», esan zuen atzo Donostian, eskuartean «Bulkada»(Susa) bere bigarren poesia liburua zuela. Bitarte honetan gidoilari gisa eta kantuak idazten aritu da, besteak beste, Anarirentzat.

Liburuak «aldi berean dena eta gutxi» biltzen duela aitortu zuen. «Dena» esaldi bakan batzuek esanahi zabala gordetzen dutelako eta «gutxi», hitz urriz baliatu delako hori guztia adierazteko. Hau guztia idazteko orduan baldintza bakarra jarri zion bere buruari: «Debekatuta zegoen `bezala' hitza erabiltzea esaldiek berez guztia esateko gai izan behar zutelako, laguntzarik gabe».

Orain hiru urte idazten hasi zen «Bulkada»k «erromantikoen mugimendua» jarraitzen du, alegia, arrazoiaren aurrean bihotza proposatzen zutenek bezala, autoreak gaur egungo irudi askoren aurka egin du: «Zenbakiak eta teknologia deuseztatu ditut, edukiak sentimenduetara, haragira eramateko. Egunerokotasuna buruhausteak baino gehiago da».

Liburuaren erdibidean hirugarren pertsonaz baliatu bada ere -«irakurlearen enpatia eskuratzeko»-, lehen orrialdeek lehen pertsonan hitz egiten dute. «Historia nirekin hasten da», dio lehen lerroak. Gero, zazpi ataletan banatuta, literaturaz, maitasunaz edota desamodioaz mintzatu da autorea. «Liburu pertsonala baina soziala da aldi berean, edozein gazteren erretratua izan daitekeena».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo