GARA > Idatzia > Euskal Herria

Azpeitiko Ikasberri ikastolako arduradunek Kilometroak 2011ko leloa eta logoa aurkeztu dituzte

p017_f02_098x089.jpg

Nagore BELASTEGI | DONOSTIA

Kilometroak 2011ko leloa, logoa eta helburuak aurkeztu zituzten atzo, Ikastolen Elkarteak Donostian duen egoitzan. Azpeitian izango da datorren urtean ikastolen jaia, Ikasberri ikastola sendotzeko helburuarekin.

Aitor Unanue Ikasberriko lehendakariak Azpeitiko Ikasberri ikastola nola sortu zen azaldu zuen. 1965. urtea hasi zen Urola bailaran ikastola sortzen, baina gurasoen eskakizunak asetzen ez zituenez, kooperatiba bat sustatu zuten hezkuntza euskalduna bermatze aldera. Horrela, 1979an Azpeitiko lehendabiziko Kilometroak ospatu zuten; 2000an, bigarrengoa; eta datorren urtekoa hirugarrena izango da.

Jaiaren helburua ikastolen mugimenduak beste urrats bat eman dezan laguntzea eta Ikasberri ikastola sendotzea da. Helburu hori lortzeko jendearen parte hartzea ezinbestekoa dela azaldu du Ikasberri kooperatibako lehendakariak.

Urte osoan eta Kilometroak jaian ahalik eta babes ekonomiko handiena lortu nahi dute, laster Ikasberri ikastola txiki geldituko zaielako, eta ikastetxea haur hasiberrien beharretara egokitu nahi dutelako. Gurasoen arteko auzolana ere indartu nahi dute. Gainera, Ikasberri Urola erdiko ikastola bakarra denez, honen ezaugarriak ezagutzera ematea dute xede.

Klik koloretsua euskarari

Roman Azkue koordinatzaileak Kilometroak 2011ko leloa «Klik!» dela iragarri zuen, bere hitzetan, ikastolen mugimenduaren hotsa delako. Logoa, berriz, kolore ugariko play ikurraz osatuta dago, eta aktibazioa eta mugimendua adierazten du.

Arratsaldean aurkezpen jaiarekin jarraitu zuten Azpeitian, herri afari eta guzti. Gaur, berriz, Kilometroetako denda irekiko dute Artzubia kalean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo