GARA > Idatzia > Euskal Herria

Proiektua baliogabetuta, errauste planta gelditzea nahi du ezker abertzaleak

Zubietako errauste plantaren proiektua onartzeko 2009ko ekainean sinatutako akordioa baliogabetu du Donostiako Auzitegiak; Hondakinen Partzuergoak, ordea, ez dituela lanak geldituko dio.

Janire ARRONDO | DONOSTIA

Gipuzkoako Aldundiak Zubietan eraiki nahi duen errauste planta «atzera bueltarik» gabeko proiektu gisa aurkezten duen arren, proiektua «kinka larrian» dela ohartarazi du ezker abertzaleak. «Are gehiago, orain», Probintzia Auzitegiko Administrazioarekiko Auzietarako epaitegiak errauste plantaren proiektua onartzeko 2009ko ekainaren 2an Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak adostutako akordioa baliogabetu ostean.

Atzo eman zuten prentsaurrean horren berri Tolosaldeko Mankomunitateko kide eta Ikaztegietako alkate Eneritz Maizek, Urola Erdiko Mankomunitateko Iñaki Errazkinek eta Sanmarkoko kide Imanol Azpirozek. Hain justu ere, Azpirozek jarritako helegitearen harira batzar hartan onartutako 13 puntu baliogabetu ditu auzitegiak, tartean errauste plantaren proiektua eta hau egiteko lurzoruak hartzeko «premiazko beharra» dagoela jasotzen duen espedientea. Gipuzkoako Aldundiak proiektuaren kostuen %33ko ekarpena egiteko hitzarmena ere bertan behera utzi du epaitegiak. Txingudiko Mankomunitateak, partzuergoko kide izan gabe, bozketetan parte hartu izanak ere batzar hartan hartutako erabakiak baliogabetzea ekarri du. Beraz, Sanmarkoko lehendakari ohi Imanol Azpirozek jarritako helegiteari arrazoia eman dio Ana Irurita epaileak.

Iñaki Errazkin Azpeitiko alkate ohiak atzo salatu zuenez, «nola edo hala egin nahi du Aldundiak Zubietako errauste planta, horretarako arauak urratu behar badira ere». Hala ere, «inpunitate» horri epaileak amaiera jarri diola adierazi zuen pozik.

Azpirozek, bestalde, Txingudiko Mankomunitatea kanpoan dela, errauste plantaren «finantziazioa kolokan» uzten duela ohartarazi zuen. «Txingudi kanpoan bada, ia 60.000 biztanle falta ditu Diputazioak gastuak ordaintzeko», azaldu zuen.

Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak errekurtsoa jarri eta eraikuntza lanekin jarraituko duela esan arren, ezker abertzaleko kideek epaileari errauste plantaren lizitazio eta obrak «berehala» gelditzeko eskatuko diote, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren erabakiari itxaron gabe.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo