GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Salbuespen egoera gainditzeko erronka

Atzo amnistiaren aldeko mugimenduak errepresio eta salbuespen egoeran kokatu zuen frantses eta espainiar estatuen espetxe politika. Egoera horretan baino ez omen da ulergarria. Azkenaldion Euskal Herrian egoera demokratiko batera igarotzeko apustu sendo bat mamitu da, eta apustu horren erakusgarririk sendoena Gernikako Akordioa da. Amnistiaren aldeko mugimenduak akordio horretan jasotzen diren aldarrikapenei «gorputza ematen joateko ordua» dela esan zuen atzo, eta herri honen erronka nagusietako bat euskal preso politikoen eskubideen aldeko lana biderkatzea izango dela, amnistiara bidean.

Dudarik ez, lehenbailehen salbuespen egoera gainditu beharra dago, espetxe politika bezala Alderdien Legea ere salbuespen egoera larri batean baino ezin baita ulertu, eta PSOEk eta PPk ezker abertzalea hauteskundeetan aurkeztea galarazteko adostu duten erreformak egoera antidemokratiko hori berretsi egin du berriro. Akordioak ezker abertzalea bozetara aurkeztea galarazteko «legezko baliabide guztiak» biltzen ditu, Federico Trillo PPko justizia eledunaren hitzetan. «Legezko baliabide» horiek legeak behin eta berriz aldatzea eta bihurritzea da, ordea. Barne ministro espainolak honetara laburbildu zuen delako erreforma: «Kontua da Aginagako izenez Frantziatik ekartzea saihestea». Demokrazia izenez inposizio hutsa dakarrenak esana.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo