Hitzarmen duina exijitu dute Gipuzkoako adinekoen egoitzetako langileek
Aste osoan greban izan dira hirugarren adinekoen egoitzetako langileak, ELAk eta LABek deituta. Haserre daude CCOOk eta UGTk, ordezkaritzaren %20 ere ez dutenek, hitzarmena sinatu dutelako.
Amaia ZURUTUZA | DONOSTIA
ELA eta LAB sindikatuek deituta, Gipuzkoako hirugarren adinekoen egoitzetako langileek greba eta mobilizazio asteari amaiera eman zioten atzo Donostian manifestazioa eginda. «Hitzarmen kolektiboa denontzat. Inposaketarik ez» lelopean Gipuzkoako Aldundi ataritik abiatu ziren ehunka langile, emakumeak gehienak, CCOO eta UGT sindikatuek patronalarekin sinatu berri duten hitzarmena dela-eta euren haserrea adierazteko. Aste osoan mobilizazioak egin dituzte langileek. Astelehenean eta asteazkenean eskualde buruetan egin zituzten protestak; asteartean Intxaurrondoko Txara egoitzan izan ziren eta, ostegunean, Gipuzkoako Batzar Nagusien egoitzaren parean.
Atzo, Aldunditik ateratzear zirela, gainean zeramatzaten txilibituak gogor jotzearekin batera, Maite Etxaniz Gizarte Ekintzako arduradunarentzat oihu ugari izan zituzten langileek. Izan ere, langileen ordezkaritzaren %20 ere ez duten bi sindikatuek, CCOOk eta UGTk, Adegirekin, Lares federazioarekin zehazki, sinatu duten hitzarmena Gipuzkoako Aldundiak diseinatu eta bultzatu duela salatu dute ELAk eta LABek.
Lan baldintzak hobetzea helburu, bi urtez borrokan aritu da 3.500 bat langile biltzen dituen kolektiboa. Leire Ormazabal LAB sindikatuko arlo soziokomunitarioko arduradunak atzo egunkari honi adierazi zionez, bi urtetan patronalaren aldetik jaso duten proposamen bakarra «inposaketa» izan da. «Gure proposamenek kaxoi batean bukatuko zutela esaten ziguten», salatu zuen.
Langileen aldarrikapenak
Hala, Ormazabalen esanetan, maiatza eta ekaina artean langileek lau greba egun egin ostean, egoitzak kudeatzen dituen Lares federazioari «nahi zuen bezala», baina egoera konpontzeko exijitu zion Aldundiak. «Eta zer gertatu da? Ba, langileen aldarrikapenak ez dituztela jaso eta CCOOren eta UGTren laguntzarekin hitzarmena sinatu dutela», gaitzetsi zuen.
Hala ere, arazoa ez dagoela inondik inora konponduta nabarmendu zuen LABeko kideak eta langileak oso haserre direla esan zuen. Izan ere, «nola baldintzatu ditzakete ordezkaritzaren %20 dutenek Gipuzkoako langileen lan baldintzak?», salatu zuen, «ez da etikoa, ez da morala, baina zoritxarrez legala da» gaineratuta.
Gehiengo sindikala
Lan gatazka hau dela-eta LAB eta ELA sindikatuek aspaldi, eta «behin eta berriro», eskatu diote bilera bat Aldundiari, baina oraindik ez dietela deitu salatu dute. «%80ko ordezkaritzarekin gehiengo sindikala osatzen dugu eta ez digute deitzen!», adierazi zuen haserre Ormazabalek.
Orain, bi sindikatuon aldarrikapen nagusia, besteak beste, CCOOrekin eta UGTrekin sinatu duten hitzarmenetik «bake laborala» deritzona ken dezaten da, baita subrogazioari jarri dizkioten «bi neurri zorrotzak» kentzea nahiz soldaten igoeran soldata errealak kontuan har daitezen ere. Era berean, eurekin bil dadin exijitzen diote Gipuzkoako Aldundiari.
Bestalde, Maite Etxaniz buru duen sailak, aste honetan egoitzetako langileek ez dutela grebarekin bat egin adierazi zuen atzo prentsa ohar batean. Hala, ELA eta LAB sindikatuei euren «jarrera negatiboaren» inguruan hausnarketa egin dezaten eskatu zien.
CCOOk eta UGTk, langileen %20tik beherako ordezkaritza izanda ere, patronalarekin hitzarmena sinatu dute. «Ez da etikoa, ez da morala, baina zoritxarrez legala da», salatu du LABek.