GARA > Idatzia > Kultura

Aita-alaben arteko harremanean sakondu du Barandiaranek, 80ko hamarkada hondoan jarrita

Bilboko Euskalduna ontziolatik jaiotako lan gatazkak eta 80ko hamarkadako egoera sozio-politikoak inguratuta, aita-alaba biren arteko harremana hartu du oinarri Gotzon Barandiaranek «Errotik» estreinako eleberrian.

p042_f01_096x084.jpg

Ariane KAMIO | DONOSTIA

Gotzon Barandiaranek (Larrabetzu, 1974) hamar urte zituen 1984an Euskaldunako ontziolan izandako kaleratzeek sortu zituzten zurrunbilo eta lan gatazkak jazo zirenean. Hamar urteko mutil koskor baten begiradaz bizi izan zituen gertakari haiek, Deustuko zubian langileek aurrez aurre Polizia espainolarekin borroka egiten zutenekoak. Irudi horrek luzaroan iraun du bizirik, ordea, bere izaeraren baitan, eta garai hura, 80ko hamarkada, lan gatazkak eta egoera sozio-politikoa, izan dira «Errotik, bere lehen nobelaren hondoko lokarria osatzen dutenak.

Kontakizunaren muina, nolanahi ere, irakurketa sozialetik harago doa, eta giza harremanetan du oinarri nagusia; aita-alaba biren arteko elkarrekintza landu du sakonago. «Aita (Luis) eta alaba (Lorea), elkar izugarri maite duten arren, euren hartu-eman horretan ez diote elkarri maitasun hori sasoiz aitortu. Aita, ordea, hiltzear da, minbiziak jota, eta azken une horiek baliatzen dituzte aitortza eza horri erremedioa jartzeko», nabarmendu zuen Barandiaranek atzo. Hala, orain urte batzuk idazle larrabetzuarrak bere aita galdu izana eta txikitako oroitzapen haiek elkartzeko gakoak aurkitu ditu lan horretan.

Fikziozkoak denak

Barandiaranek («Arrakalak», 2004 eta «Katamalo», 2007) ez dio gehiegi erreparatu kontakizunaren sinesgarritasunari, izan ere, asmatuak dira bertan agertzen diren pertsonaia guztiak. «Batzuek oso dogmatikoak dirudite, iritzi politiko zurrunekoak dira, baina beste aspektu batzuek haien izaera oso literario bilakatzen dute».

Literaturak berak oso ausarta izateko aukera ematen omen dio idazleari, «bizitzan egitera ausartzen ez garen gauzak burutzeko aukera ematen baitigu».

80ko hamarkadako jazoerak dira kontakizun nagusiaren lagungarri, bai egoera sozio-politikoari dagokionez, baita kulturari begira ere. Bere iritziz, 70eko hamarkadan jaiotako jende gutxik idazten du hurrengo hamarraldian izandako kultura eztandaren inguruan, eta berarengan itzelezko eragina izan zuten kultur arloko gertaera horiek biltzen ere saiatu da Susak kaleratutako eleberrian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo