Floren Aoiz www.elomendia.com
Nafarroa bai, ez, agian, batek daki, auskalo...
Erabiliko al du Aralarrek NaBai bere burua salbatzeko? Inposatuko al ditu bere asmoak EAJk?Sorgin adituenen aholkua beharko genuke datozen hauteskundeetan Nafarroan aurrerakoi eta euskaltzaleen esparruetan zer gertatuko den aurreikusteko. Honetan, burtsetan bezala, joerak etengabean aldatzen dira.
Batzarre, azkenean, Izquierda Hundidarekin, barkatu, Unidarekin joanen da. PSOErekin batzeko unea ez da oraingoz iritsi, nonbait, baina bistan denez, gutxiago falta zaie. Espainiar nazionalismoaren aurpegi aurrerakoia eman nahiko dute hemendik aurrera biek batera, biribil laukiaren lehengusu den ezkerreko nabarrismoa bultzatuz.
EA eta ezker abertzalearen arteko akordioak Nafarroan izanen duen eragina ikusteke dago. Itun estrategikoa omen da, baina denborak esanen digu Euskal Herri osoan beteko den. Nekez ulertuko litzateke, adostasun horren testuinguruan, azken urteotako NaBairen jarraipena, are makurrago ezker abertzaleak plataforma legalik gabe jarraituko balu. Egia da estrategia erronka zehatz batzuetatik haratago dagoela, baina zaila da estrategia mailako elkarlana gorpuztea urrats zehatz eta sendoetan oinarritzen ez bada.
Ez dira Aralarren garai onenak, bestalde. Nagusitasuna bilatzen duen estrategia garatu du alderdi honek, ilegalizazioak baliatu dituelarik. Ezker abertzalea legalki aurkeztu den lekuetan nabarmendu denez, Aralarrek galtzen ditu bakarrik egiten dituen apustuak. Beste batzuekin batera, NaBairen barnean, adibidez, gauzak oso bestelakoak dira. Aralarrek NaBai behar du, honenbestez, beste mozorro batez agertzeko.
Patxi Zabaletak esan zuen, Aralar sortu zelarik, beren helburua Batasuna ordezkatzea zela. Gaur egun, Aralarren erronka ez da hori, bizirik jarraitzea baizik.
EAJ alderdi txikia da Nafarroan. Oso txikia. Zale gutxi, egiturarik ez, erreferenterik gabeko alderdia. Haren itzala, aldiz, zabala da, batez ere, dituen diru eta baliabideengatik. Nabarmena da komunikazio talde zehatz baten bidez Nafarroan duen eragina.
EAJ ez da ezkerrekoa. Agenda neoliberalaren alde agertu da PSOErekin, lan erreforma eta espainiar Estatu mailako aurrekontuetan. Pentsioen aldaketa ere babestuko du. Gaur egun, Zapateroren erasoen aliatu nagusia da.
EAJk oso jokaera itsusia izan du Nafarroan, lurralde zatiketa onartu ez ezik, bideratu ere egin zuelarik. EAJk zatiketa indartu du «Euskadi» izeneko komunitate politikoaren aldeko apustua eginez. Horregatik, EA sortu zenean, hutsik gelditu zen jeltzaleen egitura. Horregatik, adibidez, lupaz ibili behar da nire herrian EAJkoren bat aurkitzeko.
EAJk erabaki nahi du esparru euskaltzale eta aurrerakoiaren hauteskunde mailako adierazpena. Komunikabide mailako ahalmen faktikoa erabiliz, ezker abertzalearekiko lehia bilatzen duen NaBai berretsi nahi du. Astakeria neoliberalen defendatzaileak aurrerakoien indar bilketa lideratu nahi du. Lurralde zatiketa bultzatu duenak nafar euskaltzaleen elkarlana zuzendu nahi du.
Erabiliko du Aralarrek NaBai bere burua salbatzeko? Inposatuko ditu bere asmoak EAJk?
Askoren erronka beste bat da: indar aurrerakoi eta eraldatzaileen bilketa, baina Nafarroa aldatzeko, ez batzuen ipurdiak eserleku ederretan jartzeko!