Maitasun poemen bilduma ondu du Karlos Linazasorok «Gaur orain da betiko» lanean
A.K. | DONOSTIA
Maitasun deklarazio bat, bizitzaren aldeko adierazpen bat edo maitasuna berrasmatzeko beharraren erantzun gisa har daiteke Karlos Linazasororen azken lana, «Gaur orain da betiko» (Erein) poesia liburua.
Hirurogeita hamar olerkitan, 50 urteren bueltan dabilen idazlea maitasunaz nola aritzen den erakusten du poetaren eta bere maitalearen arteko «elkarrizketaren» bitartez.
«Liburu sentsual bat egiten saiatu naiz. Bost zentzumenekin irakurtzeko modukoa da, arrazoiarekin baino gehiago. Emakumeari eta haren gorputzari gorazarre egiten zaion heinean, ukimenarekin irakurtzeko liburua da», esan zuen. Poesiaren azpian, «dagoeneko bueltan datorren nerabearen begirada dago», erotismoaz zipriztinduta, «baina oso modu sugerentean, agerian utzi gabe».
Gazteengan zaletasuna piztu
Nahiz eta publiko orokorrari zuzenduta egon, Linazasorok (Tolosa, 1962) gazteenganako hurbilketa egin nahi izan du. Hala, poema bilduma «ulergarri» bat egiten saiatu da, «lorezainak lore bakoitza kimatzen duen bezala, poesia bakoitzari erreparatu eta haiek ere banan-banan kimatuta», gehiegizko metafisika eta metafora konplikatuak baztertuz.
Poemak baino abestiak ere badirela iritzi dio, erritmoari eta musikaltasunari garrantzia berezia ematen baitio. Egitura zirkularra eman dio, hortaz, ale berriari.
Gazteen artean poesiarako zaletasuna piztu nahi du idazle tolosarrak. «Neruda, Machado edo Miguel Hernandezen olerkiak irakurtzen dituzten moduan», euskarazkoak ere irakurtzera bultzatu nahi ditu. Hala, berak sortutakoa «zubi liburu» gisa ikusten du.