Lakuak eta EAEko aldundiek beste lau urtez babestuko dute Euskaltzaindia
Lakuako Gobernuak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek lau urterako programa-kontratua sinatu zuten atzo Euskaltzaindiarekin, erakunde honen «etorkizuneko jarduna bermatzeko». 2010ean, guztira 2.356.777 euro jasoko ditu.
A. ARRUTI | BILBO
Euskaltzaindiak lau urterako hitzarmena sinatu zuen atzo Lakuako Gobernuarekin eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiekin. Programa-kontratu honen bitartez, lau erakunde horiek «Euskaltzaindiaren etorkizuneko jarduna bermatzeko» konpromisoa hartu dute. 2010erako diru-laguntza guztira 2.356.777 eurokoa izango dela zehaztu zuten, eta hortik aurrerakoak urtean-urtean zehaztuko dituzte.
Atzo Bilbon sinatutako hitzarmena bosgarrena da dagoeneko. Aurretik, Nafarroako Gobernuak ere sinatzen zuen, baina 2005. urteaz geroztik, ez du hitzarmen honetan parte hartzen. Urte hartan sinatu zen azken kolaborazio kontratua eta 2.500.000 euro ingurukoa izan zen laguntza. Zertxobait jaitsi da, beraz, diru kopurua.
Datozen lau urteetan indarrean izango den dokumentuaren xede nagusiak honakoak izango direla adostu zuten atzo: batetik, Euskaltzaindiaren eta Lakuako Gobernu eta Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko aldundien arteko lankidetzarako oinarri orokorrak finkatzea; eta, bestetik, Euskaltzaindiaren etorkizuneko jarduna bermatzeko, alderdi bakoitzak bere gain hartzen dituen konpromiso materialen zein finantziazioaren arloen esparrua arautzea. Bakoitzaren diru-ekarpena ere zehaztu zen: Lakuak 1.664.427 euro, Arabak 100.000 euro, Bizkaiak 350.000 euro eta Gipuzkoak 242.350.
Andres Urrutia euskaltzainburuak nabarmendu zuenez, finantzazio-kontratutik programa-kontraturako aldaketak esan nahi duena da Akademiak bere lanarekin konpromiso handiagoa hartzen duela, izan ere, kontratuan ezarritako edukiak «bete egingo dira» eta «erakunde sinatzaile bakoitzari kontu zehatzak bidaliko zaizkio».
Kontratu-programan zehazten den bezala, sinatzaileek Euskaltzaindiaren jarduera suspertu eta bermatzeko hainbat neurri hartu dituzte azken urteotan, hasieran banan-banan, eta, gerora, arian-arian modu bateratuan. «Orain, etengabeko ikerkuntza-jarduerari euste aldera, aurrera egin behar da, eta fruituak eman, batez ere Akademiak egiten dituen argitalpenen eta programen bidez erakusten direnak». Hitzarmen honen bitartez, Euskaltzaindiari finantziazioa bermatuko zaio, euskararen gainean dituen arau-, kontsulta-, ikerketa- eta zabalkunde-eginkizunak bete ditzan, eta, aldi berean, baliabide publikoen bidez finantzatzen den edozein jarduerak eskatzen dituen ebaluazio-mekanismoak ezarrita geratuko dira.
Atzo sinatu zuten hitzarmena bosgarrena da dagoeneko. Aurrekoa 2005ean izan zen eta ordutik Nafarroako Gobernuak ez du kontratu honetan parte hartzen.
Euskal hitzen, aldaeren eta horien guztien erabileren zuzentasuna edo egokitasuna finkatzen duen Hiztegi Batua izeneko hitz zerrenda aurkeztu zuen atzo Euskaltzaindiak. Elkar argitaletxearekin batera argitaratzen den liburu honek 36.016 sarrera eta 6.052 azpisarrera ditu. 2008ko abenduan kaleratu zen 2. argitaraldiko Hiztegi Batuak, aldiz, 27.786 sarrera eta 4.165 azpisarrera zituen, hau da, bi urtean %29,6 hazi da sarreratan eta, %45,3, azpisarreratan.
Lehenengo edizioa 2000. urtean argitaratu zen. Orduan, 20.000 hitz inguru zerrendatu zituzten. Bigarren itzulia, berriz, 2008. urtean plazaratu zen eta lehenengo itzuliko hitzez gain, A hizkitik E-rainoko hitz berriak txertatu ziren. Prozedura geldoegia iritzita, aldaketa adostu zuten 2009ko barne-jardunaldietan eta zalantzak erabakitzeko ahalmena zuen batzorde bat eratu zuten. «Erabaki horrek eragin nabarmena izan du Hiztegi Batuaren garapenean», esan zuten.
Hiztegi Batua laster izango da eguneratuta sarean, Euskaltzaindiaren webgunean. A. A.
Jean-Louis Davant euskaltzain emeritu izatearen ondorioz hutsunea betetzeko Jean-Baptiste Coyos (Maule, 1952) euskaltzain oso izendatu zuen atzo Euskaltzaindiak. «Zuberoari eta zuberotarrei zor diet, eta prefosta Jean-Louis Davanti», esan zuen Coyosek. «Horrek erakusten du Euskaltzaindiak euskalkiak begiratzen dituela eta ez baztertzen, batzuek erraten duten bezala». Hizkuntzalaritza Orokorreko doktorea da. 1999tik 2003ra hizkuntza politikarako karguduna izan zen Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusian eta ikerketa karguduna Baionako Iker Zentroan, 2004tik 2006ra; urte hartan, euskaltzain urgazle izendatu zuten. Akademiaren Sustapen batzordeko kidea da. A. A.