«Doltza. Dultzinea Kixote vs Teresa Panza» antzezlana, Gasteizen
GARA | DONOSTIA
«On Kixote» nobelako Doltza Kixote eta Teresa Panza pertsonaiek berriro egingo dute topo Agerre Teatro taldearen «Doltza. Dultzinea Quijote vs Teresa Panza» obran, oraingoan Gasteizko Jesus Ibañez de Matauko antzokian. Gauekoak egitasmoaren barnean egingo den Euskararen Astean eskainiko da antzezlana.
Helduei zuzendutako obra hau Mozambiken estreinatutako «Dulcinéia e o Cavaleiro dos Leoes»-en berregituraketa da. On Kixoteren inguruan sortutako antzezlan bi hauekin batera eta estreinatu berri duten «Nork ikusi du Dultzinea?» antzezlanarekin, Agerre Teatro tetralogia osatuko duen tailer-antzezpena prestatzen ari da dagoeneko, konpainiako kideek lekuan lekuko antzezleen laguntzarekin oholtza gainean emango dutena.
«Doltza. Dultzinea Quijote vs Teresa Panza» muntaian, musikari eta komediante taldea da protagonista. Euren helburua, On Kixoteren istorioa taularatzea da, eta asmoa lortzeko, ikusleen partaidetza beharrezkoa izango dute. Maite Agirre, Amaia Corral, Kepa Fersan, David Azurza, John Bolduan, Inazio Tolosa, Iker de la Concha, Erik Probanza, Abarchic Salem Mohamed eta Iñaki Larrañaga aktoreek hartzen dute parte ikuskizun honetan.