GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Sokatira Euskal Herriko Txapelketa

Abadiño da lehen txapela lortzeko faborito nagusia

320 kilotan, finala jokatuko da gaur, 17.00etatik aurrera, Ibarrako kiroldegian.

p038_f01.jpg

Jon LEUNDA

Sokatirako denboraldiko lehen txapelak banatuko dira gaur Ibarran, 17.00etatik aurrera bertako kiroldegian jokatuko den lehen finalaren ostean. Launako Txapelketako 320 kiloko finala jokatuko baita.

Abadiño A, Abadiño B, Berriozar, Ibarra A, Sokarri C eta Barrundia lehiatuko dira. Abadiño izango da faborito nagusia. Bizkaitarrak azken urte hauetan jaun eta jabe agertzen dira bai launakoan bai zortzinakoan, eta gaurko norgehiagokarako ere faborito dira.

Lehen fasean bi jardunaldiko ligaxka jokatu da, eta taldeak bi multzotan banatuta aritu izan dira; bietan, gainera, Abadiño izan da nagusi. Berdeen artean faboritoa zein den esatea ez da erraza, ikusi beharko baita zein talde ateratzen duten bakoitzean. Dena dela, lehen hiru postuetan biak ikustea ez litzateke arraroa izango, eta asmoa ere horixe bera eramango dute.

Nafarroako Sokatira Txapelketa, berriz, gaur amaituko da; Zugarramurdiko frontoian jokatuko da 17.00etatik aurrera azken ekinaldia. Mutilak zortzinaka ari dira, eta gaur 590 kiloko taldeak lehiatuko dira. Amaiur, Txantrea eta Basaburua-Imotz lehiatuko dira. Amaiur izan zen lehen jardunaldiko onena, eta beraiek dira gaurkoa irabazteko faborito nagusiak ere.

Emakumezkoek sei tiralariz osatutako taldeekin ari dira lehian, eta gaur 375 kiloko azkeneko ekinaldia jokatuko dute Zugarramurdin. Bertan, Amaiur, Berriozar eta Basaburua-Imotz lehiatuko dira. Pisu honetan ere Amaiur da faboritoa.

Gizon-proba

Gizon-proban, Euskal Herriko Txapelketa jokatuko da bihar Nabarnizko probalekuan. Bertan, hiru izango dira 85 kiloz azpikoak, eta hortik gorakoak beste hiru.

Bi saiotan banatuko dira ekinaldiak. Goizean, Hormaetxea eta Basaibar lehiatuko dira. Arratsaldean, berriz, Lopez, Satxibar, Perez eta Altzola neurtuko dira. Goizeko ekinaldiak 12.30ean hasiko dira eta, arratsaldekoak, berriz, arratsaldeko bostetan.

Mikel Altzola da garaipena lortzeko faborito nagusia, eta badirudi bera ongi dagoela eta zaila izango dela beste inork berari txapela kentzea. Dena dela, bere aurkari nagusi gisa, Juan Carlos Lopez agertzen da. Arabarrak ere badaki zer den Euskal Herrikoa irabaztea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo