Aizkora Omenaldia
Mendizabal zenaren oroimenezko jaialdi erraldoia antolatu dute Adunan
J.L.
Joxemari Mendizabal zenak omenaldi beroa jasoko du bihar bere jaioterrian, Adunan, alegia, eta horretarako hainbat aizkolari eta harri-jasotzaile batuko dira bertan.
Mendizabal harriak jasotzen hasi zen, eta gero aldatu zen aizkorara. Bietan ere lan bikainak egin zituen, eta joan den martxoan hil zen, Olasagastiren aurkako apustua amaitu ostean, bihotzekoak jota.
Ekinaldia 11.30ean hasiko da, eta saio ugari ikusi ahal izango dira. Aizkoran, Arria II.a, Arria III.a, Arria V.a, Mugertza I.a, Elorriaga, Ugarteburu, Peñagarikano, Aierbe, Agite, Etxebeste, Arregi, Erasun, Jaunarena, Azurmendi, Mindegia, Lopez, Arrospide, Olasagasti, Larretxea eta Nazabal bertan izango dira. Hor tartean, egungo aizkolari ugari, bai eta Mendizabalen garaikoak ere ugari izango dira, denek egin nahi baitiote omenaldi beroa Joxemariri.
Baina, ez aizkolariek bakarrik, harri-jasotzaileak ere ugari izango dira ekinaldian. Gorostidi, Goikoetxea, Telleria II.a, Landarbide, Zelai, Urdax Magunazelaia, Goenattxo, Perurena I.a, Perurena II.a, Saralegi, Irigoien, Ostolatza, Izeta II.a, Izeta IV.a eta Idoia Etxeberria.
Guztien artean erakustaldi-jaialdi erraldoia egingo dute, baina dena ez da kirol ekitaldia izango, izan ere, giroa berotzeko Andoni Egaña eta Xebastian Lizaso arituko baitira, eta eguerdiko jaialdia amaitu ostean, Adunako sagardotegi batean bilduko dira bazkaltzeko. Denek izango dute gogoan martxoan betiko joan zen Joxemari Mendizabal.