Iker Bizkarguenaga I kazetaria
Behin betiko gola sartzeko unea da
Une gogoangarri asko bizi izan ditut San Mamesen, baina 2007ko abenduaren 29an ikusitakoa ez dut sekula ahaztuko. Euskal Herriko eta Kataluniako futbol selekzioek partida jokatu zuten, eta, lagunen artean jokatutakoa izan arren, ez zen lagunarteko partida bakarrik izan, bi selekzio horien ofizialtasuna aldarrikatzeko ekimen erraldoia baizik. Giro itzela egon zen Bilbon.
«Euskal Herria, nazio bat selekzio bat. Catalunya, una nació una selecció», hori izan zen bi selekzioetako jokalariek zabaldu zuten pankartaren mezu argia. Eta mezu hori bere eginez, eta zaleen babesa zutela, Euskal Herriko jokalariek Futbol Federazioari pausoak eman zitzan eskatu zioten. Horixe bera lortzeko, selekzioaren ofizialtasuna. Euskal Herriko selekzioarena, izen horrekin jokatu baitzuten partida hura, jokalariek hala eskatuta.
Orduan hasi ziren hautsak harrotzen. Garai horretan Gobernuan zegoen EAJk gogo txarrez hartu zuen hasieratik euskal futbolarien konpromisoa. Gogoan ditut Iñigo Urkulluk jokalarien kontra botatako hitz gogorrak, «Euskadi»ren ordez «Euskal Herria» hobetsi zutelako. Hurrengo urtean, Federazioak pausorik ematen ez zuela ikusita, partidarik ez jokatzea erabaki zuten, eta EAJko kide askok erasotzat hartu zuten erabakia. Eta oraindik ere ez diete barkatu, egun hauetan ikusi denez.
2010ean, Federazioak pausorik eman gabe jarraitzen du, baina euskal futbolariek, arduraz jokatuz, partida jokatzea erabaki dute, beste helburuen artean ofizialtasunaren aldarriari bultzada berri bat emateko. Berriz ere egun handia biziko dugu.
Baina, euskaldun ororentzat berri ona izan beharko litzatekeenari, erantzun garratza eman diote zenbait hedabide eta webguneetan. Izan ere, eskuin erradikaleko edo EAJ deritzoneko kide batzuek berriz ere gogor kritikatu dituzte jokalariak, eta baten batek, kamiseta berdearekin jokatu ordez, arrano belzdun kamiseta batekin jokatzeko esan die. Euskal gizarteko esparru guztiak kontrolatu nahi dituzten horiek, beste sektore politiko bati egotzi diote euskal futbolariak kontrolatzea. Baina, nik uste dut, kasu honetan: zozoak arranoari, ipurbeltz.