GARA > Idatzia > Kirolak> Eskubaloia

Asobal Liga

Arratek etxeko lanak egin behar ditu Cuencaren aurka

Mailari eusteko urrats nabarmena eman dezakete eibartarrek aurkari zuzen bati irabazita. Corzo eta Pavan kubatarrak dira bisitarien jokalari arriskutsuenak.

p029_f01.jpg

GARA |

Arratek ezin du hutsik egin gaur gauean Ipuruan Cuenca 2016 talde apalaren aurka (21.00). Eibartarrak azken-hirugarren postuan daude sei punturekin eta denboraldia lasaitasunez bete nahi badute, beharrezkoa dute aurkari zuzenen aurka etxean emaitza onak lortzea. Alde horretatik, orain hamabost egun Guadalajararen aurka egindako akats larria -markagailuko aldea azken minutuetan alferrik galduz- barkaezina izan zen. Aurreko astean San Antonioren aurkako euskal derbia ere esku hutsik amaitu zutela kontuan izanda, gaurko bi puntuak are garrantzitsuagoak bilakatu dira.

Zorionez, Julian Ruiz entrenatzaileak jokalari guztiak izango ditu jokatzeko prest, aspalditik min hartuta dagoen Ivan Sever pibota izan ezik. Istvan Redei, talde eibartarraren golegile nagusia, alerik sartu gabe gelditu zen Iruñean, eta Kostyantyn Kurilenkoren lana ere pattal samarra izan zen. Ruizek bere mailarik onenean beharko ditu gaur biak Cuencari aurre egiteko.

Defentsa lana

Tin Tokic esloveniarrak Efe agentziari eginiko adierazpenetan argi utzi zuenez, gaurko neurketan «asko dago jokoan» eta, beraz, «ezin da etxeko azken partidan gertatu zena errepikatu». Tokicek «bideo asko» ikusi dituztela onartu zuen eta «Cuenca lan oso ona egiten ari den taldea» dela. Norgehiagokaren gakoa defentsan egon daiteke bere ustez: «Bi hegaleko kubatarrak (Gullermo Corzo eta Jose Luis Pavan) oso onak dira, buruz buruko jokaldietan erraz moldatzen direnak. Bi jokalari horiek gelditzea lortzen badugu irabazteko aukera asko izango ditugu».

Aurkariari dagokionez, Cuenca bederatzigarren postuan dago bederatzi punturekin, Arratek baino hiru gehiago. Eta entrenatzailea, Zupo Ekisoain nafarra, euskal zaleek oso ongi ezagutzen dute. Carlos Arias min hartuta daukate eta David Mendoza beste pibota ere arazo fisikoekin dabilenez, hutsune nabarmena izan lezakete postu horretan. Cuencak ere argi du beren helburua maila ahalik eta azkarren ziurtatzea dela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo