Zurrumurruak mugitzen duen ekonomia sistema
Atzo albiste izan zen Europako Banku Zentralak hileko bilkuran hartu zuen erabakia. Hartara, bilkuraren gaineko albisterik eza izan zen albiste nagusietakoa, EBZk aparteko neurririk ez hartzea erabaki baitzuen. Euroguneko bankuen likidezia bermatzen jarraituko du «behar den arte»; Greziaren porrotarekin batera hasitako zor publikoaren erosketari eutsiko dio, baina ez zuen merkatuek iragarri zituzten aldaketen berri jakinarazi eta, beraz, ez du bonu-erosketaren gaineko aparteko neurririk iragarri. Eta merkatuen iragarpenaren ondorioz gora egin zuten burtsek, EBZren erabakia jakin orduko, beherantz amildu ziren, gero berriro gorantz egingo bazuten ere.
Burtsen dantza birtual hori eta euroguneko hainbat herrialderen egoera ekonomiko egiaz larria ikusita, indarreko sistema ekonomikoaren funtsa suma daiteke. Izan ere, zer parametro zientifikori begiratu behar zaie gorabehera horien kausa azaltzeko? Atzo ikusitakoaren arabera, zurrumurrua aski da horrelako gorabeherak eragiteko. Ondorioak, ordea, ez dira birtualak, hezur-haragizko biktimak dituzte eta. Aste honetan bertan Gobernu espainiarrak krisiaren kontrako beste neurri-multzo bat abian jarriko dituela iragarri du, merkatuak lasaitzeko. Burtsek, espero izatekoa zenez, eskertu egin zuten Rodriguez Zapateroren Exekutiboaren keinua -iraupen luzeko langabeentzat, norabide batean, eta hainbat enpresabururentzat, beste norabide batean, keinua baino zerbait mingarri ala pozgarriagoa dena-.
Burtsek gobernuen neurri murriztaileak eskertzen dituzte eta neurri horiek, ekonomia berpiztu eta langabezia murriztuko omen zutenek, hazkunde ekonomikoa oztopatu eta langabezia tasa emendatu egiten dute. Atzo jakinarazitako datuen arabera, Hego Euskal Herrian azken hilean 1.133 langabe gehiago batu dira, eta dagoeneko 175.000tik gora daude lanik gabe. Baina hori ez da merkatuen kezka nagusia, hain zuzen, ez EBZrena, ezta euroguneko gobernuena.