Derbia Anoetan
Zelaia izan liteke topikoa apurtzeko faktorea
Parekotasuna derbien ohiko ezaugarria bada ere, agertokiak sekulako pisua izan dezake igandean: Reala sendo dabil etxean eta Athleticek, berriz, bertute guztiak ahazten ditu maletak egiten dituenean.
Amaia U. LASAGABASTER I
Bigarren astez jarraian derbien ohiko ezaugarriek kontra egingo diete parte-hartzaile bien ibilbideei. Topikoari jarraituz, Anoetako norgehiagoka edozein markagailurekin amaitu daiteke; Realak eta Athleticek etxean eta kanpoan eskaintzen dituzten kontrako prestazioek, berriz, donostiarren alde apustua egitera gonbidatzen dute.
Athleticek berak ondo daki dinamiken pisua zer-nolakoa den. Joan den igandean antzeko baldintzetan jokaturiko derbian, eta luzapenera arte itxaron behar izan bazuten ere, zuri-gorriek emaitza askoz hobea merezi izan zuen Osasuna gainditu zuten.
Anoetan kontrako rolari ekin beharko diote, talde bilbotarra bera baita aurrekarien zamarekin helduko dena. Nafarrei gertatzen zaien bezala -talde gehienei, egia esateko-, Athleticek bere bertute guztiak etxean ahazten ditu maletak egiten dituen bakoitzean. Sei bidaietan lau puntu baino ez ditu lortu, eta are kezkagarriagoa -eta aurrekoaren zergati garbia-, hamazazpi gol jaso ditu norgehiagoka horietan; hortik hamahiru, kanpoan jokatutako hiru azken partidetan. Izan ere, hor datza, azken jardunaldiotan bisitatu dituen aurkarien izaeran, bilbotarrek beren ibilbidea justifikatzeko aurki dezaketen aitzakia bakarra. Denboraldiko aurreneko bidaiek Alacant eta Gijonera eraman zuten Athletic, eta emaitzak -garaipena eta berdinketa- ez ziren batere txarrak izan; baina zailtasunak gora egin, eta taldeak nabarmenki egin du beherantz. Valentzia, Sevilla, Vila-real eta Real Madrili egindako bisitak porrotean amaitu dira, zuri-gorriek etxean egindako lan dotoreari distira kenduz.
Igandeko aurkaria ez dago elitezko multzo horretan, baina igoera eman zion ibilbide sendoa bere zelaian mantentzea lortu du. Izan ere, eta denboraldia hasi zenean aurreikuspenek beste norabide bat erakusten bazuten ere -igo berria bata, progresio garbian bestea-, Reala eta Athletic bizitza paraleloak gauzatzen ari dira.
Ia paraleloak, behintzat. Zuri-urdinek, izan ere, bilbotarrek baino hiru puntu gehiago lortu dituzte etxetik kanpo. Baina haiek baino partida bat gehiago jokatuz, eta, batez ere, sailkapenaren behealdeko -Mallorca izan ezik- taldeak bisitatuz.
Parekotasuna nabarmenagoa da etxean jokatutako partiden emaitzei dagokienez. Atletico eta Bartzelona besterik ez dira San Mamesetik puntuak lapurtzeko gai izan, eta antzeko gauza gertatzen da Anoetan: Realak etxean jasandako porrot bakarren eragileak Real Madril eta Atletico izan dira. Eta emaitzek, kasu bietan, ez dute zuzentasunez erakutsi zelaian gertatutakoa. Gainerako bisitariek -Vila-real eta Espanyol barne- ezin izan dute gol bakar bat ere sartu.
Joan den igandean San Mamesen gertatu zen bezala, beraz, borroka bikoitza izango da Anoetan: donostiarren eta bilbotarren artekoa, baina baita derbien ohiko ezaugarrien eta taldeen ibilbideen artekoa ere.
Motibazioa
Gauzak horrela, erabateko baldintzatzailea motibazioa izan daiteke. Eta kasu honetan, astean zehar entzundakoari jarraituz, beharbada Reala nolabaiteko abantailaz helduko da. Batez ere, Lehen Maila urrutitik jarraitu behar izan duen denboraldi sortak ilusio guztiak berpiztu dituelako jokalari eta zaleengan.
Lezaman, gainera, diskurtsoa ez da aho batekoa izan, gehienek partida berezia dela nabarmendu badute ere. Eta oraingoz Joseba Llorentek esandakoaren -«denboraldiko partidarik garrantzitsu eta politena» dela esan zuen, derbiaz ari dela- antzeko besterik ez da entzun. Joaquin Caparrosek Martin Lasartek baino lan gehiago izan dezake, ildo honetan ere parekotasuna mantendu nahi badu.