GARA > Idatzia > Kultura

Euskaraz abesturiko kantuekin kontzertu berezia eskainiko du Doctor Deseo taldeak Gasteizen

Doctor Deseok euskara hutsean abestuko du gaur arratsean Gasteizen. Mendizorrotza kiroldegian izango den jaialdian Gose, Bronze, Betagarri, eta Su Ta Gar taldeek ere joko dute, beste askoren artean.

p047_f01_148x92.jpg

Koldo OTAMENDI |

Abenduaren 3an Euskararen Eguna dela eta, ekimen ugari antolatu dira Euskal Herriaren luze-zabalean. Guztien artean aipagarria da Gasteizko Mendizorrotza kiroldegian «GazteHitz euskaraz» lelopean izango den musika jaialdia. Arabako hiriburuan euskara sustatzeko helburuz, gazteei eta ez hain gazteei bideraturiko ekimena antolatu dute. Jaialdian, euskaraz abesten duten taldeak izango dira protagonista, tartean bai sona handiko taldeak, bai hasiberriak. Gose, Doctor Deseo, Betagarri, eta Su Ta Gar taldeak ageri dira kartelburu, baino hori baino gehiago ere izango da taula gainean. Esan bezala, talde hasiberriek ere tokia izango dute afixan, gaur egungo gazteak, biharko talde handiak izango diren iritzian. Araban euskaraz abesten duten taldeak izango dira jaialdia irekiko dutenak, musikalki aniztasuna nagusituko delarik, betiere rock musikaren koordenadetan: Bronze, Herrikada, Opium eta Garraxika taldeek zabalduko dute emanaldia arratsaldeko bostetan, gerora gauarekin batera taularatuko direlarik talde ezagunenak.

Musikaz gain, Gorka Aginagalde eta Itziar Atienza aktoreek sketxak eskainiko dituzte emanalditik emanaldirako tarteetan. Araban egin den euskarazko rock musikaren ibilbidea irudikatuko dute bi aktoreek, betiere umore kutsuaz.

Desira sendagilea

Kontzertu afixan Doctor Deseo taldearen izena nabarmentzen da beste guztien gainetik. «Deseo: Cartografia imposible» diskoa aurkezteko azken txanpan murgilduta, Bilboko taldeak kontzertu berezi bat iragarri du gaur gauerako. Francis Diez, taldeko abeslariak duela zenbait hilabete iragarri zuen egunen batean euskara hutsean eskainiko zuela emanaldia Doctor Deseo taldeak. Eta egun hori iritsi da.

Doctor Deseoren estudioko laugarren diskoan agertu zen lehenengoz euskaraz abestutako kantu bat. Xabier Leteren «Ni Naiz» kantuaren moldaketa zoragarria izan zen, eta geroztik, disko guztietan barneratu dute euskaraz eginiko kanturen bat. Francisen esanetan, naturala izan da euskara erabiltzearen kontua. «Taldearen hizkuntza gaztelania den arren, gure ingurua euskal hiztuna da: lagunak, familia... Hortaz, naturaltasunez sortu zen ideia, eta gerora konpromiso bezala hartu dugu». Zentzu horretan, «euskararen aldeko borroka honetan urrats txiki bat da emanaldi honekin egiten duguna». Doctor Deseok 45 minutuko kantu zerrenda prestatu du emanaldi berezi honetarako. «Gure diskoetan agertu diren kantuez gain, zenbait bildumatarako egin ditugun lankidetza lanak ere joko ditugu: `18/98 Auzolanean' bilduman agertu zena, edo Lauaxetaren omenezko diskoan sartu nuen moldaketa, besteak beste». Oraingoz, hauxe izango da Doctor Deseok formatu honekin emango duen emanaldi bakarra. «Lau kontzertu soilik falta zaizkigu denboraldia amaitzeko, eta errege gauean egiten dugun kontzertu berezi hori eskaini eta gero, entsegu lokalera itzuliko gara».

Jaialdia arratsaldeko bostetan abiatuko da eta goizaldeko hirurak bitartean euskaraz abesturiko kantuak izango dira nagusi Mendizorrotzako kiroldegian. Ondoren disko jartzaileek musika jarriko dute goizaldeko ordu txikiak bitartean. Lau euroko prezio eskuragarria du jaialdiak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo