GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Gontzal Mendibil Abeslaria

Sinisten dut, Xabier

«Sinisten dut» entzun eta entzun ari natzaizu etengabe, Xabier, eta zuk esandakoak sinisten baditut ere, tristezia nabarmen bat sortu zait bihotz barrenean.

Zure hitz sakonarekin batera, zeure hutsunea sentitzen dugu, umezurtz utzi gaituzulako pena handi bat sortu zaigu euskaldunoi bihotzetan.

Ikusten ez genuena ikusteko eta sentiarazteko aukera eman zenigun, eta hargatik, sentipen sakon batez biziz, joan zara bizitza eternalera.

Zeure ezinetan zentzua aurkitu nahian, inork gutxik bezalaxe egin diozu aurre bizitzari eta heriotzari. Eta, zeure sakontasunean eta sakontasunetik, gezurraren itxurari uko eginez sinisten zenuelako, sinisten zaitugu Xabier.

Hamalau urte besterik ez nituen izango zeu, Lourdes, Mikel eta Benito Arratiako Areatzan agertu zinetela. Gerora hainbat kantalditan egin genuen bat eta zure hizkeraren jarioa, adierazteko edertasuna, olerkiaren sakontasuna eta jeinuzko eztenkada humoretsua miresten nituen.

Hitz esanguratsuekin eta kantu ederrekin bide berri bat zabaldu zenigun, eta zure kantuak geureak egin genituen.

Gero, isilean entzuten zintugun eta isilean irakurtzen genituen zure adierazpenak, zure gogoetak, zure barrunbeko olerkiak. Gehiago guran gelditzen ginen eta sarritan botatzen zintugun faltan.

Eta orain, sinisten dugu hauts bihurtuko garela, baina sinisten dugu halaber Euskal Herriko izarretan zaitugula geuri so.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo