Aralarren hitzetan, Pasaiko kanpo portuak Jaizkibel ingurua suntsituko du
GARA | DONOSTIA
Azpiegitura Plan Zuzentzailearen baitan, Portu Agintaritzak aurkeztutako Ingurumen Iraunkortasunaren Txostenaren kontrako argudioak azaldu zituzten atzo ezker abertzaleak eta Aralarrek.
Aralarreko Gipuzkoako Batzar Nagusien ordezkari Rebeka Uberak baieztatu zuen proiektu horrek eskualdea onera ekartzen lagundu beharrean, ingurua suntsituko duela. Uberaren ustez, dokumentuek erakusten dute ingurua berpizteko planik ez dagoela, eta «helburu nagusia zergen bidez Aldundiaren diru-kutxak betetzea» dela.
Bestalde, Aralarrek adierazi zuen Plan Zuzentzailea «inkoherentea» dela, eta erakundeei eskatu zien Jaizkibeleko espazioa optimizatuz, ekono- mia bultzatzeko eta berregituratzeko erabil dezatela.
Ezker abertzaleak esan zuen Plan Zuzentzailea geldiarazi behar dela, ez duelako justifikaziorik eta Portu Agintaritzaren erabakitze eremua gainditzen duelako. Gainera, Pasaiako portuaren arazoa konpontzeko zeuden gainerako alternatibak ez dituztela aztertu salatu zuten abertzaleek. Horien iritziz, proiektuaren bultzatzaileak portuko ekimenetik at dauden eragileak dira, eta herriak eskatzen duenari bizkar ematen ari dira Plan Zuzentzailearekin, herritarrei parte hartzea ukatuz.
Ingurumen Txostenari dagokionez, ezker abertzaleak adierazi zuen portu berriak Jaizkibelen izango dituen eraginak ez direla nahikoa aztertu eta ez dagoela ziurtasun zientifikorik kanpo portuak ondorio kaltegarririk izango ez duela ondorioztatzeko.