GARA > Idatzia > Kultura

eszenak

Bihotzeko hutsuneen poeta

p048_f01_148x88.jpg

Dorleta URRETABIZKAIA  Aktorea eta idazlea

Abendu honetan, zuhaitzak eta karrikak kolorezko argiz apaindu dituzte eta leihoetatik ikus daitezkeen etxeek argitxoak erakusten dizkigute dizdizka, pinu argien salatari gisa. Negua gero eta hurbilago dago eta, hotz eta elurrarekin batera, iluntasunak geure baitan biltzeko gonbita egiten digu. Abenduan gaude eta duela bi urteko azken hilabete honek Mikel Laboa berekin eraman zuen moduan, aurtengo azken hil honek ere, beste poeta bat eraman du bere magalean, Xabier Lete. Intimismoa, filosofo existentzialistak eta gaixotasunaren esperientziak markaturiko bidea jorratu zuen poeta honek ondare nabarmena utzi du gure herrian, bai eta huts nabarmena ere, sorkuntzaz gain, berreskuratze lan handia egin baitzuen. Musikagintzan, kantatzeko era herrikoia berreskuratu zuen. Literaturan, berriz, bertso zaharrak bildu eta kantatu zituen eta Brassens, Llach, Brel eta Cohen bezalako autoreak ere euskaratu zituen. Duela bi urte, «Egunsentiaren esku izoztuak» poema liburuagatik, literaturako Euskadi saria jaso bazuen ere, bazen poetaren barru-barruan galera sentsazio iraunkor bat, saiatu baina asmatu ez zuen gizon batena, porrotak eta heriotzak eragindako hutsune beltz eta sakon bat. Eta orain, bere ahotsa isildu egin zaigu, baina bada geure baitan isilduko ez den beste galera bat, zurrumurru moduan bihotzetik kanpora ateratzen zaiguna. «Nun hago, zer larretan, Urepeleko artzaina, mendi hegaletan gora oroitzapen den gerora ihesetan joan hintzana».

Bihotzeko hutsune hutsak bete nahian, abendu ilunak badakar gauza onik ere bere baitan. Izan ere, kaleko hotzaz eta barruko tristuraz babesteko, bada barrearen bidez bihotza epelduko digun antzezlanik geurean. Gaurko egunean hasi eta igandera bitartean, «Demodé Quartet» umorez beteriko antzerki eta musika ikuskizuna izango dugu Donostiako Antzoki Zaharrean. Lugaritzen, berriz, «En ocasiones veo armarios» antzezlana izango dugu gaurko eta biharko egunean eta, Durangon, hilaren 19an, umeei zuzenduriko Gorakada taldearen azken lanaren estreinaldia izango dugu, «Ogro txikia».

Askatasunaren beharraz mintzatuko zaigun antzezlan hau irudiz eta poesiaz beterikoa izango da eta oroitzapenen gerora ihes egiten dutenei aske utziaz, egungo haurrek itxaropenaren gerora ihes egingo dute askatasunean, iraganeko iheslariei agurrik beroena eskainiaz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo