GARA > Idatzia > Kultura

Eszenak

Musika eta dantzaren garapena, Alurren proposamen berria

«Sua» ikuskizunaren ostean, «Oinazeak»-ekin Tolosako Leidor antzokira bueltatuko da gaur Alurr dantza taldea. Euskal dantza eta garaikidea nahasteaz gain, oraingo honetan musikan ere ikusiko da garapen hori.

O. LARRETXEA | DONOSTIA

Urtebete luze eman du Alurr dantza taldeak bere azken ikuskizuna prestatzen. Euskal dantza tradizionaletan oinarrituta, dantza garaikideetara heldu arteko igarobidea ikusi ahal izango du publikoak oholtza gainean «Oinazeak»-en, alegia, Ibarrako konpainiaren azken ikuskizunean. Emanaldia Tolosako Leidor antzokian estreinatuko da gaueko hamarretan eta dagoeneko ez dago sarrerarik salgai. Aukerak baina, ez dira faltako, Euskal Herriko hainbat antzokitan barrena bira egingo baitute datorren asteburutik aurrera.

«Azken ikuskizuna «Sua» izan zen, XVI. mendean kokatutako istorioa kontatzen zuena. Oraingo honetan, ordea, istorio bat kontatzetik urrundu nahi genuen gai bat lantzeko», azaldu du ikuskizuneko musikarien zuzendari Jagoba Astiazaranek. Hautatutako gaia protagonistak bizitzan barrena egiten duen ibilbidea da. «Bere inguruko baldintzek eta egoerek nola eragiten dioten ikusiko dugu, eta era berean -gaineratu du-, nola egin nahi duen aurrera atzera begiratu gabe. Gai hau dantzara eramateko orduan, erakutsi dugu nola pertsona batek tradiziotik (euskal dantzarekin islatuko dutena) aurrera egin nahi duen gauza berriak ezagutzeko (dantza modernoez baliatuko dira). Ibilbide horretan beldur ugari sortuko dira eta guztiak ondorio bat izango du».

Txalaparta modernoa

Dantza estilo ezberdinak nahastea ez da esperientzia berria izango konpainia honentzat, nahiz eta azken honetan, garaikideak aurrekoetan baino tarte handiagoa izango duen, beti ere, euskal dantzetan oinarrituta. «Sua»n bezalaxe, Katixa Perea izan da «Oinazeak» laneko koreografia lanaz arduratu dena.

Berritzailea bereziki musikari dagokionez izango da, hau zuzenekoa izango baita. Gainera, ikuskizunerako bereziki konposatutako piezak joko dira. Hala, dantzan bezalaxe, musikan ere tradizioaren eta garaikidearen arteko nahasketa emango da. Txistua, trikitia edota txalaparta entzungo dira, baina «estilo modernoago batean». Astiazaranekin, zuzendari lanetan, guztira zazpi musikari izango dira.

«Konturatu gara ez dela prozesu erraza», erantzun du izenburuaren iturburuaz galdetuta. «Protagonistak egiten duen ibilbidea neketsua da, batetik, eta, bestetik, poliki-poliki egin beharrekoa. Gainera `oina' hitzarekin jolasa egiten zuen».

«Ikuslea, lehenengo begiratuan behintzat», harrituta geldituko dela uste du. «Ez baita orain arte ikusi duena bezalakoa. Zerbait polita ikusi, txalotu eta erraz ulertzekoa, ez». «Oinazeak» «harago» doala baieztatu du besaulkia utzi bezain pronto, «hausnarketara bultzatzen zaituelako».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo