Herbie Hancok: «Etengabeko bilakaera ikusten dut jazzean»
Herbie Hancock-ek bost hamarkada daramatza pianoa jotzen. Miles Davis zenaren taldekideak 50 disko plazaratu eta hamabi Grammy sari lortu ditu. Astelehenean Bilboko Euskalduna jauregian «Imagine Project» egitasmoa aurkeztuko du, bost musikarik lagunduta. Pop doinuak berrasmatu ditu bertan, hamaika hizkuntza eta herrialdetako artistekin.
Anartz BILBAO | BILBO
Herbie Hancock piano-jotzailea jazzak bizirik duen izar nagusienetarikoa dugu. Aurten 70 urte beteko ditu, eta bost hamarkada daramatza teklatuak jotzen, bakarka zein taldeka, jazz hutsa joz edo egitasmo nahasiagoetan. Azkena, datorren astelehenean Bilboko Euskaldunan aurkeztuko duena, «Imagine Project». 50 diskotik gora eta hamabi Grammy sari lortuak dituen gizonak aipatutako azken lana ahotan hartu eta elkarrizketa eman zion January Ruiz kazetariari, hona laburtuta dakarguna.
Lan potoloa da aurrerago pelikula bat ere sortuko duen «Imagine Project». «Zazpi herrialdetan grabatu dugu; lan global bat da, nik modu honetan egiten dudan lehena. Zazpi herri eta hizkuntzatan emana, hamaika herrialdetako musikarien partaidetzarekin», dio Hancocek. Iragan uda hasieran argitaratutako lanak John Lennonen «Imagine» kantuan du jatorria. «Oinarrian bakeari buruzko lan bat egin nahi genuen. Eta globalizazioari, modu baikorrean begiratuta -horrela ikusten dut nik-; kultur aniztasuna eta musika aberastasuna ezagutarazteko balio duen globalizazioari buruzkoa».
Hancockek onartu duenez, globalizazioa modu ezkorrean ulertu izan dugu beti, botere politiko aseezinaren inguruko ikuspuntua nabarmendu da. «Diru-goseak miseria eman dio munduari. Pobreak gero eta pobreago eta aberatsak gero eta aberatsago ditugu, eta horrenbeste kexatu beharrean, mundu atsegin bat sortu beharra dugu, guztiok onartuko gaituen mundu bat». Eta horretarako, musikaren edertasuna erakutsi nahi izan du berak, Marley, Dylan, Lennon Peter Gabriel eta abarren doinu ezagunak erabili eta berrasmatuta.
Etengabeko bilakaera
«Imagine Project» atzean utzita, jazz musikari buruz ere mintzo da handienekin jo izan duen gizona. «Etengabeko bilakaera ikusten dut jazzean, hazkundea dago eta esperantza». Maisuaren esanetan, «musikaria atmosfera berri eta egitasmo berrietan dabil, jazz askeagoa eginez, nik neuk azken lanean egin dudan bezala, sarritan jazza pop doinuekin lotuta». Gainera, «jazza egiten dabiltzan artista gazteak AEBetakoak ez ezik, mundu osokoak dira, eta horrek beste zapore bat ematen dio jazzari, beraien herrialdeetako musika tradizioarekin uztartuta. Niretzat jazza jarrera bat da, eta beste kultura batzuekin nahastu beharra dugu. Eta nahasten gabiltza, modu globalean haz dadin».
Atzera begiratuta, Hancockek Davisek berarengan eragin handia izan zuela aitortu du. «23 urte nituenetik 28 bete arte jo nuen Milesekin. Nigan eragin nabarmenena utzi zuen musikaria izan zen, eta esperientzia itzela. Asko ikasi nuen berarekin. Miles Davisez gain, Oscar Peterson, Bill Evans, Ray Charles, Lee Morgan edo West Mongomery, izar asko izan ditu bidaide. «Bakarka zein taldean jo izan dut, baina nahiago dut taldekako lana, musikarien artean sortzen den harremanagatik; konplizitatea da garrantzitsuena ».
Etorkizunera begira, Chicagoko (Illinois, Ameriketako Estatu Batuak) gizona kontzertu klasiko batzuk emateko asmotan dabil. «Piano klasikoa joko dut zenbait orkestrarekin, iaz egin nuen legez, ondo atera ziren eta». Aurretik baina, Bilbo zapalduko du astelehenean, galdu ezinezko hitzorduan.
Musikariak: Herbie Hancock & band: Kristina Train (ahotsa) + Gregg Phillinganes (teklatuak) + Lionel Loueke (gitarra) + James Genus (baxua) + Trevor Lawrence Jr. (bateria)
Data: Abenduak 13, astelehena.
Tokia: Euskalduna Jauregia (Bilbo).
Ordua: 20.00etan. .
Sarrera: 45-50 euro.
Azken mende erdiko jazz musikari bikainenekin elkarlanak egin dituen Hancockek, beste batzuen artean, Dave Matthews, Anoushka Shankar, Jeff Beck, The Chieftains, India Arie, Seal, Pink, Juanes, Susan Tedeschi, Chaka Khan, K'Naan, Wayne Shorter eta Lisa Hannigan musikariekin egin du lan «Imagine Project» diskoan -ekainaren 22an argitaratua-, eta izena ematen dion Lennonen kantuaz gain, Peter Gabrielen «Don´t give up», Bob Dylanen «The times, the are a´ changin´», Juanesen «La tierra edo Sam Cooken «A change is gonna come» kantuak berrasmatu ditu. A.B.