Donostiako Museoen Sareak ekintza bereziak antolatu ditu Gabonetarako
GARA | DONOSTIA
Gabonetako oporretan aukera paregabea izango dute familiek Donostiako Museoen Sareko museo nagusiak dohainik bisitatu, eta bertan antolatuko diren ekitaldi desberdinetan parte hartzeko, «Gabonetan familian dohainik» programari esker. Donostiako Museoen Sareak antolatu dituen ekintzaz baliatuz Gipuzkoako ondare kulturala ezagutzeko aukera edukiko dute.
Chillida-Lekuk esaterako, tailer-bisita bat antolatu du abenduaren 27rako. Bisitaz gain, «Lupo Jokoa» delako tailerrean «Haize Orrazi» propioa sortuko dute.
Donostiako Aquariumak eskulan tailerra egingo du abenduaren 28an eta hurrengo egunean, 29an, Realarekin zerikusia duten eskulanak eta jolasak egiteko aukera izango da futbol taldeak Anoeta estadioan duen museoan.
Untzi Museoak Kontxako Estropaden historiari buruzko tailerra egingo du abenduaren 30ean eta Rezola Museoak bisita eta tailerra eskainiko ditu 2011ko urtarrilaren 4an.
Ekintzetan parte hartzeko, aurrez izena ematea beharrezkoa izango da, educacion@aquariumss.com helbidean edo 943 44 00 99 telefonoan. Abenduaren 20ra arte egongo da epea zabalik. Ekintzak 10.30ean hasiko dira eta bi orduko iraupena izango dute.