GARA > Idatzia > Kultura

Zaharberritze tailerretik, museoko galerietara

Bilboko Arte Eder Museoak atzo aurkeztu zituen konponketa eta mantentze lanerako tailerrean izan dituen margolan nahiz eskulturak. «Zaindu» programaren bitartez, guztira hemezortzi artelan zaharberritu dituzte, hasiera batean pentsatu zutena baino bat gehiago.

p040_f02_85x96.jpg

GARA | BILBO

Bilboko Arte Eder Museoak, «Zaindu» zaharberritzeko programaren bitartez, amaitu ditu hemezortzi artelan konpontzeko lanak, hasiera batean pentsatu zutena baino obra bat gehiago izan dutelarik azkenean. Artelanen artean, Jose de Madrazoren «Retrato del cardenal Francisco Javier Gardoqui» dago, Jose Luis Merino Mantentze eta Zaharberritze saileko buruaren arabera, «zaharberritu den bildumako maisulana».

Bi metro eta erdiko garaiera duen margolanari, konponketaz arduratu den lantaldeak, artelanak aurretik zituen adabakiak eta eranskinak kendu dizkio, baita zikinkeria eta hondatuta zuen berniza ere, eta azkenik, atzealdean mihisea babesteko pieza erantsi diote. Prozesu hau guztia dela eta, Merinok adierazi zuenez, Madrazo margolariaren pieza hau izan da «arazo handienak» ekarri dituena.

Bestetik, Andres Nagelen «Amigas de Bilbao» eta «Galeristas madrileños en Benidorm» eskulturei «azaleko garbiketa» egin zaie, Aurelio Artetaren «Al mercado» eta «Sardinera sentada» margolanei bezalaxe. Azken hori konpontzea ez zuten aurreikusita, baina taldea «indarrekin» zegoela adierazi zuen Merinok.

Batzuek garbiketa bat baino behar ez bazuten ere, beste obra batzuei «oso tratamendu delikatuak» egin dizkiete, Joan Gonzalezen hamabi marrazkiak kasu. Antza denez, garai batean paperaren atzealdean azidodun itsasgarriak jartzen ziren euskarrira hobeto eutsi ahal izateko, baina kolak «papera zikintzen zuen».

Tailerreko eskuetatik ere igaro da Nemesio Mogrobejoren «Maternidad», igeltsuan egindako eskultura. «Zaharberritzeko genuen bildumatik baldintza onenetan zegoen lanetako bat zen honakoa», adierazi zuen Merinok. Hala ere, eta egindako azaleko garbiketaz gain, aurretik konpondu zitzaizkion pitzadurak berriro tratatu dizkiote, izan ere, azken konponketa hark obraren kolore originala «aldatu» ziolako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo