Floren Aoiz www.elomendia.com
Nork kontrolatzen du nor?
Ez dut gogoko noren kontra jo behar dudan inork agintzea. Ez dut gustuko norbaitek nire haserre edota gorrotoen agenda ezartzea. Beste gai askotan bezala, horretan ere, gidoiari ez jarraitzea hobesten dutKontrolatzaileen auziak politikagintza astindu du. Gobernu espainolak bere bertsioa eman du eta alarma egoera ezartzeaz gain, neurri errepresibo gogorrak hartzeko asmoa omen du. Mezu zorrotzak zabaldu dira kontrolatzaileen kontra, eta ez soilik politikarien aldetik. Herritar askoren amorrua izugarrizkoa izan da, satanizazio joera oso eraginkorra izan delarik. Badirudi norbaitek ordaindu behar izan duela azken urteotan pilatutako zapuzketaren faktura eta kontrolatzaileak izan dira horiexek.
Ez dut begirune handirik elite mailako pertsona horiengan, egia esan. Soldata eskandalagarriak dituztenak ez dira nire idoloak izaten. Horregatik, esaterako, ez dut soportatzen Lehen Mailako futbolaren inguruko zikinkeria. Lapurtzeko era asko daude, eta kapitalaren menpeko mundu honetan, diru asko eskuratzea oso susmagarria da, loteria edo halakoren bati esker ez bada. Komeni da jakitea, dena den, kontrolatzaileei animaleko soldaten loteria egokitu zaiela gaur haserre agertzen diren alderdi horiek horrelaxe adostu dutelako.
Gauzak horrela, ez zait gustatzen inork noren kontra jo behar dudan agintzea. Ez dut gustuko norbaitek nire haserreen edota gorrotoen agenda ezartzea. Honetan, beste gauza askotan bezala, gidoiari ez jarraitzea hobesten dut. Politikagintza bezain zaharra da gorroto eta haserrearen erabilpena. Gerla guzien atzean dago. Inperio guziek baliatu dute beren erasoak justifikatzeko. Botereak beti erabili du bere menpekoak hobeki lotzeko. Honela, zapalkuntza eta injustiziak sortzen duten amorrua talde edota pertsona batzuen kontra bideratzen da, jendarte tentsioak lasaitzeko.
Nik ez dakit kontrolatzaile eta PPren arteko erronka adostua ote zen, Gobernu espainolekoei eskuetatik joan zaien pultsua izan den edo aurretik prestatuta zegoen. Baina badakit oso larria dela alarma egoera aldarrikatzea. Eta, bide beretik, biziki kezkagarria da sektore batzuk militarizatzea eta protestak satanizatzea noiz eta krisialdi larri honen erdian, edozein unetan egoera lehertzen ahal delarik. Kontrolatzaileen protestak jende asko asaldatu ditu, eta honek ahalbidetu ditu muturreko neurri horiek, baina, kasu! espainiar agintariek kontrolatzaileak baino beste langile batzuk izaten ahal dituztelako jomugan.
Oso gaizki dago estatu espainolean ekonomia. Grezia eta Irlandaren gibelean nor eroriko? Eta, gainera, jadanik hartuta dago kapitalismoaren aurpegirik basatiena erakusteko erabakia, betiere krisialdiaren aitzakia erabiliz. Kontrolatzaileen auzitik harago doa mahai gainean jarri dena. Kontrolatzaileek ez omen dute beren protesta kontrolatu, baina Gobernu espainolak baliatu du sortutako giroa langileria kontrolatzeko urrats berriak emateko. Berriz, nork kontrolatzen du Gobernu espainola? Nork kontrolatzen du Rubalcaba? Benetako kontrolatzailea dirua da, azoka, kapitala. Horrek agintzen du eta Zapatero, Rubalcaba eta Blanco morroiak dira, kapital handien txotxongiloak.