SOKATIRA
300 eta 250 kilokoetan lehiak abiatuko dira
Jon LEUNDA
Launako Sokatira Txapelketak bi egunetan izango ditu ekinaldiak. Gaur, 17.00etatik aurrera Iruñean, Txantrea auzoko kiroldegian, eta bihar, 12.00etatik aurrera Anoetako kiroldegian.
Bertan gizonezkoak 300 kilokoan arituko dira lanean, eta emakumezkoak, berriz, 250 kilokoan. Mutilak bi multzotan banatuta arituko dira, eta bi jardunaldiko ligaxka jokatu beharko dute. Horren amaieran, multzo bakoitzeko lehen hiru sailkatuek finala jokatuko dute.
A multzoan, Basaburua Imotz, Sokarri A, Amaiur A, Txantrea A, Barrundia A, Ibarra A, Ñapurrak eta Berriozar lehiatuko dira. Multzo honetan Ibarra izango da faboritoa. Beste pisuan txapela lortu zuten, eta orain hura defendatu eta hemen ere gauza bera egiteko gai direla erakutsi behar dute. Dena dela, talde guztien helburua lehen hiru postuetan sartzea izango da, horrek emango baitie txapelaren lehian aritzeko parada.
Bigarren multzoan, berriz, Basaburua Imotz B, Sokarri B, Amaiur B, Txantrea B, Ibarra B, Barrundia B eta Abadiño lehiatuko dira. Azken hauek izango dira garaipena erdiesteko faboritoak. Dena dela, hemen ere beste multzoan bezalaxe, garrantzitsuena bi jardunaldiren ostean lehen hiruretan sartzea izango da, hor sartu ezean ez baita posible izango txapela janztea.
Emakumezkoak 250 kilokoan arituko dira, eta denak multzo bakar batean. Hiru jardunaldiko ligaxka jokatuko da, eta horren amaieran punturik gehien duen taldeak jantziko du txapela. Pisu honetan, gainera, azken orduko baja bat ere bada, Girizia lehiatzekoa baitzen, baina azkenean ez dira arituko, eta talde bat gutxiagorekin lehiatu beharko da.
Basaburua, Imotz, Amaiur, Badaiotz, Berriozar, Ibarra A eta Ibarra B lehiatuko dira. Badaiotz izan da azken urte hauetako nagusia, eta beraiek izango dira aurtengoan ere faborito. Ligaxka dela kontuan harturik, garrantzitsua izango da hastapenetik puntuak batzea.
Idi-probak
Idi-probetan BBK sariko finala jokatuko da gaur Urdulizen. Bi ekinalditan izango dira, gainera, 17.00etan eta 22.00etan. Bertan Euskal Herriko probalekuetan egiten diren probetako sei onenak lehiatuko dira.
Landazabalen, Biorenaren, Tio Motxoren, Erauskinen, Telleriaren eta Ugarteren uztarriak arituko dira nor baino nor. Zein noiz arituko den, gaur goizean egingo den pisaketaren eta zozketaren ostean jakingo da. Lehen hirurak Superprestigiorako sailkatuko dira.