GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

ERRUGBIA Europako Txapelketa

Biarritzek eta Avironek bonusa ere beharrezkoa dute

Zuri-gorriek gaur arratsaldean Aironi taldearen zelaian jokatuko dute, Italian. Bihar arratsaldean, berriz, Avironek Cavalieri hartuko du Jean Dauguer zelaian.

p033_f01.jpg

Jon LEUNDA

Biarritzek eta Avironek garaipenaz gain, puntu gehigarria ere behar dute asteburu honetan jokatu beharreko neurketetan. Italiarrak izango dituzte aurrez aurre bi euskal taldeek, eta garaipena eta bonusa ezinbestekoak dituzte.

Heineken Kopan Biarritzek gaur jokatuko du 14.30etik aurrera Aironi taldearen zelaian. Une honetan bi partida jokatu ditu talde bakoitzak, eta zuri-gorriak multzoko lehenak dira, jokatutako bi partidak irabazita. Sailkapeneko lehen postuan bakar-bakarrik dago, beraz.

Italiarrek ere bi partida jokatu dituzte, eta biak galdu egin dituzte, eta sailkapeneko azkeneko postuan daude, ez dute-eta puntu bakar bat ere batu. Garbi dago hauek direla multzoko ahulenak, eta zuri-gorriek ezin dute hutsik egin. Garaipena lortzea ezinbestekoa da, bestela kolpe handia izango bailitzateke. Horrelako partidak, ordea, amaieran erabakigarriak izaten dira, eta garrantzitsua izango da puntu gehigarria ere lortzea.

Jean Michel Gonzalezek ezuste bat izan zuen azkeneko entrenamenduan, eta txarra, gainera, Bidabek besoa hautsi baitzuen, eta baja izango da datozen jardunaldietan.

Tankerakoa

Avironek, berriz, bihar jokatuko du Jean Dauguer estadioan Cavalieri taldearen aurka. Zuri-urdinek aurten datorren urtean Heineken Kopan izateko txartela nahi dute. Horretarako bi bide dituzte. Bata Liga lehen zazpiren artean amaitzea, edo bestela European Challenge irabaztea, eta horixe da euskaldunen erronketako bat, mailari eusteko txartela jadanik ia eskuetan dute, eta zerbait gehiago egin nahi omen dute.

European Challenge honetan aurrera egiteko, ordea, garaipena ezinbestekoa dute zuri-urdinek, baina ez irabazi bakarrik, baita puntu gehigarria lortzea ere. Sailkapena oso estua dago, lau taldeak partida bana irabazita baitaude, baina bonusek erabakitzen dituzte postuak, eta baionarrak une honetan sailkapeneko hirugarren postuan kokatuta daude.

Datozen bi partidak, ordea, oso garrantzitsuak izango dira euskaldunentzat, italiarrekin neurtuko baitira bai bihar eta bai datorren astean, eta horietan hamar puntu ateratzeak balio handia izango luke.

«Italiarrek maila igo dute eta ez da erraza izango hamar puntuak lortzea. Dena dela badakigu gu haiek baino gehiago garela, eta garaipenak bonus batez lagunduta behar ditugu. Gu hasieratik horretara aterako gara, baina badakigu lan asko emango digutela», esan zion GARAri Aretz Igiñizek, taldeko jokalariak. Zuri-urdinek garrantzi handia ematen diote lehiaketari, eta onenekin arituko dira.

Anoetak martxoan Top 14ko bi norgehiagoka hartzeko modua izango du

Anoetak martxoan Top 14ko bi neurketa hartuko ditu. Bata, martxoaren 5ean izango da, eta orduan Stade Toulousainen aurka jokatuko du Avironek, eta bestea martxoaren 26an izango da, eta orduan euskal derbia izango da, Biarritzen eta Avironen artean.

Atzo aurkeztu zuten Avironek eta Stadek jokatuko dutena, eta berrikuntzarik handiena jantzian izango da, lapurtarrek Realaren jantzia erabiliko baitute. Horretarako, Aviron janzten duen kirol markak Realak erabiltzen duenaren kopia atera du, eta orduan estreinatuko du. Sarrerak, abenduaren 15etik aurrera Interneten bidez jarriko dituzte salgai. J. L.

Heineken Kopa

Biarritz sailkapeneko lehen postuan dago, jokatutako partidak irabazita; eta gaurko aurkaria, berriz, azkena da, jokatutako neurketa denak galdu baititu.

Challenge

European Challengen Aviron sailkapeneko hirugarren postuan dago, baina multzoan gauzak oso estu daude, jokatutako bi partidetatik bakoitzak bat irabazi eta bestea galduta baitu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo