GARA > Idatzia > Kirolak> Gipuzkoa Basket

Gipuzkoa Basketek Kanaria Handia hartuko du etxean

Memento txarretan barruko onena emateko sasoia da

Hiru partida errenkan galdu ostean, Kopan sartzeko aurkari zuzena hartuko dute Lasorenek. Baron eta Carroll jaurtitzaileen arteko lehia ikustekoa izango da.

p034_f01_555x555.jpg

 

Arnaitz GORRITI

Itsasora nor eginda dagoen eta nor ez ekaitzak jotzean jakiten omen den moduan, saskibaloian ere, unerik txarrenean onena ateratzen dakiena gailentzen da. Hala egin beharko du bederen Lagun Aro Gipuzkoa Basketek gaur arratsaldean, azken hiru partidak galdu ostean, Kanaria Handiaren aurka jokatu beharko baitu.

Bizkaia Bilbao Basketen aurkako derbian gailendu zirenetik, hau da, joan den hilaren 12tik hona, garaipenik pilatu gabe daude Pablo Lasoren mutilak. Horrez gain, irabazitako adina porrot jasota, Kopako tokietatik kanpo daude, hamargarren lekuan. Bada, Kopa lehiatzeko aurkari zuzen baten aurka jokatzen dutelarik, donostiarrek barruan duten onena atera beharko dute denboraldi hasierako bide zuzenari berrekiteko.

«Kanaria Handiaren aurkako partidak antzekoak dira beti. Moran edo Savanek urteak daramatzate bertan eta beraiek ematen diete nortasuna taldeari; eta nortasunarekin, jokoa garatzeko konfiantza», adierazi zuen Pablo Lasok.

Donostiarren entrenatzailearen aburuz, «Nelson eta Wallacen bidez barruko jokalariek kanpoko jaurtiketekin min eman dezakete. Kanpoan, aldiz, Green eta Carrol dira beren erasoko erreferentzia nagusiak, baina Beiranek eta Bramosek errotazio zabalagoa eskaintzen diete. Azken batean, joko oso serioa egiten du Kanaria Handiak eta sekula ez du partidarik galdutzat ematen», gaineratu zuen.

Baron vs Carroll

Ez da erraza jakiten nondik hautsiko den gaur arratsaldeko partida, baina bai Jimmy Baron eta Jaycee Carroll-en arteko buruz buruko lehia erakargarrienetakoa izango dela.

Carroll da ACB Ligako saskiratzaile nagusia: partidako 18,6 puntu sartzen ditu Laramie-ko gizonak. Bitartean, bosgarren saskiratzaile onena da Baron, batez beste 15,5 puntu lortzen dituelarik. Azken neurketan, ordea, ez zuen egun onegia izan donostiarren hegalekoak. Joventut-ek oso markaketa gogorra egin zion, eta hala, ohi baino huts gehiago egin zituen -zazpi hirukotik bakarra sartu zuen-. Ordaina hartu nahiko du Rhode Island-eko «hontzak».

lagun aro gbc-kanaria handia
garaipen bakarra

Aurkari oso gaiztoa da Kanaria Handia Gipuzkoa Basketentzat. Sei bider jokatu dute elkarren aurka eta behin irabazi dute gipuzkoarrek: 2009ko azaroaren 19an. Panko eta Barbourren bidez 76-70 irabazi zuten Lasorenek.

batzar orokorra

Gipuzkoa Basketeko akziodunek ohiko batzar orokorra egingo dute datorren astelehenean, hilaren 13an. Batzarra Donostia 2016 Arenan bertan izango da, 19.30etik aurrera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo