GARA > Idatzia > Euskal Herria

Trebiñutik Donostiara, Korrika 17k «euskalakariak» izango ditu protagonista

Hurrengo apirilaren 7an Trebiñutik abiatuko da Korrika 17 eta Donostian bukatuko da hamar egun geroago. «Maitatu, ikasi, ari... euskalakari» leloa izango du, eta Euskaltzaindia omenduko du, 1919an jaio zenetik euskararen alde egindako lan eskerga aitortzeko.

p013_f01.jpg

Nerea GOTI |

Euskararen aldeko martxak 17. ekitaldia izango du 2011n. Trebiñutik abiatuko da apirilaren 7an eta Donostian amaituko da 17an, «Maitatu, ikasi ari... euskalakari» leloa zabalduz Euskal Herrian zehar.

Leloak dakarren «kalakari» hitz berria ere aurkeztu zuen Edurne Brouard Korrikako arduradun nagusiak. «Euskara maite duena, ikasten eta erabiltzen duena `euskalakaria' da», azaldu zuenez. «`Euskalakariak' jarrera aktiboa dauka, euskara maite du eta euskara zalea bada, baina hortik aparte badauka hizkuntzaren aurrean jarrera positibo bat, ikasteko ahalegina egiten du, maitatzeaz harago doa eta erabiltzen duena da, horixe da `euskalakaria'», zehaztu zuen Brouardek.

Bestalde, Euskaltzaindia omenduko du Korrika 17k. 1919an sortutako akademiak «euskararen alde egindako lan eskerga» aitortu nahi dio herri mugimenduak, Korrikaren beraren bidez omenaldia eginda. Gainera, «ezin ahaztu Helduen Euskalduntze Alfabetatzea, oro har, eta Korrika antolatzen duen AEK bera nondik datozen. Ezin ahaztu Euskaltzaindiaren babesean sortu zirela, eta Rikardo Arregik 1966an alfabetatze taldeak sortzeko eskatzen idatzi zuen gutunetik hona, horrenbeste izan direla helduen euskalduntzean nabarmendu diren euskaltzainak», nabarmentzen du AEK-k.

Aurrerago zehaztuko dute Korrika Kulturalaren egitaraua, baina berrikuntza bi iragarri zituzten atzo: informazio osoa eta eguneratuta eskuratzeko moduan egongo da Korrikaren webgunean, eta jadanik martxan dago «Euskalaklip» bideo lehiaketa. Otsailaren 25era arte milaka bideo jasotzea espero dute formatu ezberdinetan, eta Korrikaren leloa gutxienez behin erabiltzea da baldintzetako bat.

«Euskararen apologia»

Oskar Elizburu Gipuzkoako AEK-ko arduradunak ezin izan zuen atzoko aurkezpenean parte hartu, Donostiako epaitegira deklaratzera joan behar izan zuelako, AEK-ko beste zazpi kiderekin batera auzipetuta baitago, aurreko Korrikan «terrorismoaren gorazarrea egin zela-eta» beraien aurka jarri zuten salaketa baten ondorioz.

Salaketa horren harira, Mertxe Mujika AEK-ko koordinatzaile nagusiak «Korrikak euskararen apologia» baino ez duela egin nabarmendu zuen. «Hamaika egunetan zehar gau eta egunez gure hizkuntzaren alde jendea biltzea da gure helburua eta ez dago besterik», gaineratu zuen Mujikak.

«euskalakaria»

Korrika 17k «euskalakaria» hitza jarri du kalean, «euskara maite duena, ikasten eta erabiltzen» duen hori izendatzeko. Horregatik, edizio berriko leloa izango da «Maitatu, ikasi, ari... euskalakari».

EUSKALTZAINDIA

Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan aurkeztu zuten atzo Korrika 17, eta edizio honetako omendua Euskaltzaindia bera izango dela iragarri zuten, «euskararen alde egindako lan eskerga» aitortzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo