Aldaketa politikorako «alternatiba sinesgarria» izango da EHBai
A.B. |
EA, AB eta Batasuna alderdiak batzen dituen Euskal Herria Bai koalizioaren lehen agerraldia egin zuten atzo Baionan.
2011ko martxoko hauteskundeekin berritzekoak diren hamar kantonamenduetan hautagaiak aurkezteko asmoa azaltzeaz gain, koalizioaren bidez, «abertzaleen indartzea alor politikoan gauzatzeko» asmoa dutela goraipatu zuen Xabi Larraldek.
Horretan, EHBai-ren xedea hirugarren indar politikoa bihurtzea da, eta bere proiektu politikoa «alternatiba sinesgarria» bilakatzea.
Hiru alderdien artean landuriko testua irakurri zuten, eta, hauteskunde horiei begira bi elementu nagusi goraipatu zituzten: Euskal Herrian, beste tokitan bezala pairatzen den krisi ekonomikoa, eta, lurralde kolektibitateen erreforma, «Balladur erreforma» delakoa.
Bozkatzeko deia
Krisiari dagokionez, Garapen Kontseiluaren aurrekontu handiena eremu sozialari lotua zela gogoratu zuten Xabi Larralde, Andde Sainte-Marie eta Mattin Etxepare hiru alderdikideek.
Egungo Kontseilu Nagusiak «pairatzen dugun politika eskuindarra» aplikatzen zuela, eta horretarako, lekuko «jauntto sare batean oinarritzen» zela salatu zuten. «Alor soziala eta ekonomikoan gauzak aldatu nahi badira jaunttoak beren lekutik kenduz hasi behar dugu», gehitu zuten herritarrei bozkatzera joateko deia zabalduz.
«Balladur erreformari» dagokionez, Ipar Euskal Herriak «onarpen instituzionala behar» zuela azpimarratu zuten ere, aldarrikapen hori, gaur egun, «sekula baino indartsuago zela» esanez.
Azkenik, Euskal Herri osoan gertatzen ari den aldaketarako giro baikorra gogoratu zuten, EHBai-k Gernikako Akordioa berea egiten zuela nabarmenduz.
Koalizioak hauteskundeetara aurkeztuko dituen hautagaiak zein diren urtarrilaren erdi partean jakinaraziko dute ofizialki.