Milaka helegite Oiartzunen, bigarren ingurabidea luzatzearen aurka
Janire ARRONDO |
Errenteriatik Biriaturaino bigarren ingurabidearen luzatzea jasotzen duen Donostialdeko Lurraldearen Zatiko Planaren aurkako 7.200 helegite inguru bildu dituzte Oiartzunen. Lakuak plana aurkeztu zuenean piztu zen alarma, errepide berriak bete-betean harrapatuko lukeelako Oiartzun bailara, Sarobe eta Karrika ibaiadarrak eta Ergoienen Oiartzun erreka.
«Lurraldearen etorkizuna kolokan» zegoela ikusita, batzar irekien bidez eta lan taldeak osatuz, «mehatxu» horri aurre egiteko antolatu ziren. Horregatik, oraindik atxikimendua eman ez dutenei ekimenarekin bat egiteko dei egin zieten Nekane Martiarena eta Iñigo Segurolak. Urtarrilaren 20ra arteko epea dute alegazioak Lakuaren Donostiako ordezkaritzan aurkezteko.
Atzo, ekimenak izan duen babesaren adierazle, herriko 44 eragile bildu ziren prentsaurrekoan; tartean Udalean ordezkaritza duten alderdi guztiak. Han ziren ezker abertzaleko alkate Aitor Etxeberria eta Oiartzun Bai, EAJ, Hamaikabat, Alternatiba, EB edo Aralarreko ordezkariak.
Lakuak planari behin betiko onarpena 2012an ematea espero du, hala ere Gipuzkoako Aldundiaren onespena beharko du, honek baitu errepideen eskumena. Arantza Tapia Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako ahaldunak aurreko astean Jose Antonio Santano Irungo alkatearekin egindako batzarrean proiektuaren aurkako jarrera agertu zuen.