Lan istripuak, bigarren mailako kezka
Astelehenetik hilzorian, atzo zendu zen Lasarteko obra batean zauritu zen langilea. Haren hurkoei datuen gordinak ez die mina areagotuko; tamalez, berandu dute hartarako. Baina langileei, gizarte osoari eta batez ere herri erakundeei -datu horien norabide deitoragarria aldatzeko ahalmena baitute- halako istripuak ez direla halabeharraren ondorio jabetzeko balio beharko lieke. Aurten gutxienez 81 behargin hil dira lan istripuz Euskal Herrian, iazko kopurua berdinduta. Kausak ez dira atzo goizekoak, eta atzo hil zen gizonaren lan egoerak laburbiltzen ditu: azpikontratazioa, behin-behinekotasuna -immigranteen kasuan areagotu egin daitezkeenak-, presioa eta oro har lan baldintza kaskarrak... Ez dira kausa berriak, baina datu objektiboek erakusten dute horiei aurre egiteko neurriak, legeak barne, hutsaren hurrengoa direla, edo gutxienik enpresek ez dituztela neurriok betetzen, ezta instituzioek betearazten ere. Iaz behera egin zuen lan istripuz hildakoen kopuruak, eta jarduera ekonomikoaren gainbeheraren -batez ere eraikuntzan- araberako beherakada zela sumatzen zen; aurtengo hamaika hilabete eta erdiek berretsi egin dute uste hura. Baina krisi egoeran gaude, eta jende xumeenari laguntzak kentzen dizkioten bitartean, enpresariei laguntzen diete, «denen» onerako, segurtasun eta osasun neurriak betetzea bigarren mailako kezka dutela.