GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Heineken Kopa

Italian egindako hutsa zuzendu behar du Biarritzek

Zuri-gorriek gaur 19.00etatik aitzina hartuko dute Aironi, eta jokalariek garbi dute pasa den astean egindako okerrak ezin dituztela berriro errepikatu.

p028_f01.jpg

Jon LEUNDA

Biarritzek Aironi hartuko du gaur Agilera estadioan 19.00etatik aitzinera, eta pasa den astean Italian egindako hutsegitea konpondu beharko du. Aironiren zelaira, garaipenak ematen dituen lau puntuak eta erasoko puntua eskuratzeko asmoarekin joan ziren, eta birekin bakarrik etorri ziren, defentsakoa eta erasokoa lortuta, ustekabean galdu egin baitzuten.

Sailkapeneko lehen postuan jarraitzen dute biarriztarrek, baina atzekoari bi puntu kentzen dizkiote, nahiz eta tarteak gutxienez laukoa izan beharko lukeen.

«Pasa den astekoa istripu bat izan zen. Badakigu Aironi baino gehiago garela, normalean gutxienez garaipena lortu behar genuela, baina gauzak ez ziren ongi atera eta orain Agileran ezin dugu hutsik egin», esan zuen Imanol Harinordokik, atzoko entrenamenduaren amaieran.

Ustekabeko porrot horrek min dezentea egin du zale eta agintari zuri-gorrien artean, baina astea ez dela berezia izan onartu zuen Harinordokik. «Ez da aldatu. Guk bagenekien gauzak gaizki egin genituela, huts handia egin genuela, baina multzoko lehenengoak izaten jarraitzen dugu, eta sailkapena gure esku dago. Astean hitz egin dugu zer ez dugun egin behar ikusteko, eta orain gure zaleen aurrean ezin ditugu pasa den asteko hutsak errepikatu», onartu zuen zuri-gorrien kapitainak.

Gaurkoan garaipena ezinbestekoa dute, baita puntu gehigarria lortzea ere. Helburua ez da sailkatzea bakarrik, izan ere, lapurtarren asmoa sailkatzen diren zortzietatik lau onenen artean izatea baita. Horretarako garrantzitsua da ahalik eta punturik gehien ateratzea.

Biarritzek gaur garaipena erdiesten baldin badu, beste partidan gertatzen dena gertatuta ere, lehen postuan jarraituko du, eta gutxienez, bi punturen aldeari eutsiko dio. Berriro galtzen badu, kontuak bestelakoak izango dira, baina hori gertatuko denik ez du inork uste, lapurtarren eta italiarren artean alde nabarmena baitago.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo