JOSE MARI Bizardunak taldeko ahotsa
«Jarrera politikoa ez dugu inoiz ezkutatu, marxista eta nafar independentistak gara»
Nafarra da Bizardunak taldea, gorputzez eta arimaz. Iaz lagunartean egitasmoa sortu eta lan homonimoa eman zuten Brian´s Records zigiluan, eta «egarri den herriari ardo gorria ematera etorri gara» esan zioten GARA egunkariari. Horretan dabiltza oraindik, edan eta egarri.
Anartz BILBAO | BILBO
Izena eta izana, bizardunak dira eta Bizardunak deitzen da makina bat rock taldetan eskarmentu handia duten musikariek sortu duten folk anaitasun nafarrak. Izen bereko lan bat plazaratu eta zale bat baino gehiago asaldatuta, hautsak harrotu ditu oholtza gainean duten jardun sutsuak. Orain “En Zugzwang” argitaratu berri dute Gor zigiluan. Eta honek ere harrituko du bateren bat, folk lasai eta ñabarduraz betea baitakar, melodia ederrekin atondua.
Taldea sortu eta egarriak asetzeko asmoa agertu zenioten egunkari honi. Lortu duzue?
Zenbait ase ditugu, beste zenbait haserretu. Egia esateko gure gazterian euskal rock erradikala- ren kontua oso gutxi inporta zitzaigun, baina bat-batean, 2008. urtean, kultura musikal hori ia hilik zegoela ikusi genuen, eta gehienbat talde horien hitzen eta jarreraren nostalgia izan genuen; eta gure erara berreskuratzen saiatu gara.
Plazara agertu eta urtebetean Euskal Herria zeharkatu, ezker-eskuin.
Egia da, Euskal herri osoa zeharkatu dugu goitik behera. Irlandan eta Italian ere egon gara... Espainian berriz inoiz ez. Momentuz Estatu horri boikota egiten diogu.
Jendeak ulertu du taldearen eskaintza, oholtza gainean darabilen zirikatzaile sena. Edo malgutasuna falta da euskal gerrietan?
Denetarik egon da. Malgutasun falta hori kolektibo guztietan sumatu dugu... askok uste dute umorea bakarrik arerioez barre egitea dela, ez adibidez zure pentsatzeko eraz barre egitea. Guk, adibidez, ezker abertzaletasunarengan “Simpathy for the devil” daukagu, baina horrek ez du esan nahi beti ados egon behar dugunik beraiekin edo txiste on bat badugu oholtza gainean botako ez dugunik. Dogmak gorrotatzen ditugu eta zoritxarrez Euskal herrian oso dogmatikoak izan gara beti.
Nafarroako Erresumaren alde historialari askok baino gehiago egin duzuela dioenik bada.
Niri ere historialari batek esan zidan hori. Hala bada, primeran, baina argi dago hori ez dela bidea. Nafarroako Estatuaren historia CFN, CAV eta Ipar Euskal Herriko eskoletan zuzenki landu beharko litzatekeen gai garrantzitsua da. Zoritxarrez, ideologia espainiarrak eta ideologia «sabinoaranistak» Nafarroaren inportantzia historikoari uko egin diete betidanik.
Hitz egin dezagun disko berriari buruz. Xake jokaldi bati erantzuten dio «En Zugzwang» izenak. Zer dela eta?
Politikoki ez gara inoiz ezkutatu, marxista eta nafar independentistak gara. Gauza da 2010-ean gaudela eta bi ideologia hauek ez daudela bere une hoberenean. “En zugzwang” xake jokoaren posizio bat da. Posizio horretan berdin da zein jokaldi egiten duzun, galduta zaudelako... eta askotan (ez beti) horrela sentitzen gara.
Diskoaren azalak, ildo beretik, hondora doan itsasontzia ageri du. Baina bada bertan txalupa txiki bat, onik atera dena.
Aipatu duzun txalupa horretan kokatzen ditugu gure buruak... itsasontzia hondoratu da, baina beti egongo da `enbor beretik´ sortuko den beste norbait.
Disko berria debut lana baino lasaiagoa begitantzen zait, baita ameslariagoa ere. Gozotasuna ere badu.
Kanta lasaiak aurreko diskoan baino lasai eta politagoak dira, baina «kañeroak» askoz indartsuagoak, bai hitzen eta bai musikaren aldetik. Irlandarrak ez garenez eta kontuan hartuz bertsiorik ez dagoela lan honetan, erraz uler daiteke zergatik ez den aurreko diskoaren fotokopia bat. Benetako talde bat izateko, benetako disko bat egitera derrigortuak geunden.
Konposaketa aldetik landuagoa dirudi, eta sonoritate zein talde asko ekartzen ditu gogora (Love, Itoiz...).
Musika aldetik aberatsagoa da lan berria. Love edo Itoiz aipatzen dituzu eta maite ditugun bi talde direnez ez dizut hori ukatuko. Helburua edozein abesti mota konposatzea zen, eta gero genituen musika tresnetara moldatzea. Horregatik irlandar folk musikaren kutsu hori murriztu egin da pixka bat eta adibidez Ingalaterrako ( Steeleye Span, Levellers) edo Euskal Herriko folka (Txomin Artola) eduki ditugu buruan zenbait momentutan. Dena den rockeroak gara eta nabaritzen da abestien melodian eta estrukturetan.
Honako lana ehuneko ehunean zuok sortua da, bertsiorik ez da (aurrekoan erdiak ziren). Akaso hau da aldaketa nabarmenena?
Lehenengo diskoaren antzekoa egiteko aukera geneukan, hau da, formula errepikatu genezakeen; zaleak ez galtzeko, lortu dugun ‘arrakasta’ hori ez galtzeko. Baina bizitza honetan hain koldarrak diren zenbait ideia koldarrei dagozkie, ez gu bezalako langileei, ez gu bezalako gizonei. Gure hipotekak ez ditugu musikarekin ordaintzen eta horrek artistikoki askatasun osoa ematen digu.
Nola gauzatu duzue kantuen sorkuntza?
Iazko Eguberrietan, mendian galdutako etxe batean elkartu ginen denok abesti berriak probatzeko, hor dago disko honen mamia. Bertsiorik jo gabe konturatu ginen talde bera ginela; baliteke pertsonalitate gehiagorekin. Eta ideia berri hauekin aurrera egitea erabaki genuen.
Aurreikuspenei begira, lehen diskoarekin guztiak bete zenituztela aipatu diguzu.
Lehenengo diskoaren aurretik koadrilako txantxa bat besterik ez zen Bizardunak taldea, eta bat-batean zaleak eta guzti genituen... kristorena!
Baita zuzenekoak «lasaiago» hartzeko asmoa ere.
Gutxiago joko dugu taldea ez erretzeko baina gure jarrera gero eta kamikazeagoa izango da zuzenekoetan. Askotan esan dugu ez gaudela honetan lagunak egiteko. Ez gaude honetan Junkeraren trikia edukitzeko hurrengo diskoan edo Patxi Lopezen diru laguntza nazkanteak eskuratzeko.
Zer aldatu da Bizardunak taldean, sortzetik egin duen abiadura biziko ibilbidean. Bizarrak egiten ez baina... konpontzen hasiak zarete?
Musikalki hazi egin gara. Uste dugu zenbait tokitan daukagun nolabaiteko fama txarra txotxolokeria dela. Bai, mozkor lotsagabeak izan gaitezke askotan edo ahozabal ergelak, baina egiten ditugun kontzertuak ez ditu inork egiten gaur egun Euskal Herrian... ezta egin dugun disko berriaren antzekorik ere.
«Zoritxarrez, ideologia espainiarrak eta ideologia aranazaleak Nafarroaren inportantzia historikoari uko egin diete betidanik»